Genozidioari eta gerrari ezetz esateko elkartuko dira
Gernika-Palestina herri ekimenak deituta, kontzentrazioa egingo dute ostegunean (hilak 8) Beko plazan, 19:00etan.
Gernika-Palestina herri ekimenak dozenaka deialdi luzatu ditu ostegunerako (hilak 8) 19:00etarako. Oiartzuarrek deialdiarekin bat egin dute, eta jakinarazi dute egun eta ordu horretan Beko plazan elkartuko direla Gernikaren herritik, genozidiorik ez! Gerrarik ez! lelopean.
Herri ekimenak Donostian aurkeztu ditu mobilizazioak, eta nabarmendu munduan genozidioa eta horrek dakarren des-humanizazio forma guztiak nagusitzen ari direla. “Ezin dugu inondik inora egoera tamalgarri hau normalizatu: gosea gerra arma gisa erabiltzea, lurraldea inpunitate osoz bereganatzea, iazko urriko su eten adostutik ia 1.300 pertsona erail ditu Israelgo estatuak…”.
Era berean, jakinarazi dute Zisjordaniako egoera larritu egin dela; “Edozein txinpartek egoera gaiztotu eta atzera buelta izango ez lukeen eszenatokira darama Palestinako lurralde historikoa”.
“Gerra ezin da ezeren irtenbidea izan”
Gernika-Palestinatik argi diote gaur egungo nazioarteko araudia ez dela betetzen: “Inperialismoa, kolonialismoa, eta giza eskubideen urraketa sistematikoetan oinarritutako forma ezberdinak iraunkortu, normalizatu, eta jendartearen partetik asumitzera bultzatzen dituzten erabakiak gailentzen dira, gu guztion bizitzak norabidetu eta herrien etorkizunak markatzen dituztenak”.
Hori horrela, “gerra ezin da ezeren irtenbidea izan. Hildakoak, zaurituak, desplazamenduak… Ezin dugu onartu ekonomia eta politika kudeatzeko estrategia bihurtzea”.
Gainera, sinistuta daude gerrak munduaren amaierara eramango gaituela, eta ezin dela jendartearen etorkizuna Trump eta Netanyahu bezalako “agintari asegaitz berekoi gutxi batzuen esku utzi”.
Hartara, euskal jendartea “hausnarketa sakona” egitera animatu nahi dute herri ekimenetik: “Ezin dugu onartu, ezin dugu normalizatu eta ahal den guztietan mobilizatu behar gara palestinarren itxaropenari ateak zabalik mantentzeko, eta argi eta ozen, inon ere ez, Gerrarik ez! adierazteko”.
