'Asteklima' dela eta, larrialdi klimatikoaren inguruko zenbait hitzordu
Hilaren 16tik 25era izango da Asteklimaren zazpigarren edizioa, eta denbora tarte horretan zenbait jarduera izango dira herrian kontzientzia sortzeko.
Hilaren 16tik 25era Asteklimaren zazpigarren edizioa izango da, eta aurtengorako Errenteriako Udalak jarduera programa zabala ondu du “herritarrak klima aldaketaren aurrean konpromiso pertsonalak hartzera motibatzen jarraitzeko”. Izan ere, horixe da aste horren xedea, “herritarrak klima aldaketaren eta beharrezko trantsizio energetiko eta klimatikoaren aurrean kontzientziatzea eta mobilizatzea”.
Udalaren programazioak, besteak bestea, zinema eta antzerkia biltzen ditu, eta haurrei zuzendutako zerbait izateaz gain, nabarmendu dute hausnarketarako eta ekintzarako espazio bat ere eskaintzen duela.
Eskaintza horretarako lehen bi jarduerak hilaren 16an bertan izango dira, eta Liburu bat mundu bat: liburuak, zuntz naturalak eta tokiko jasangarritasuna ipuin kontalaria eta tailerraz gain, Arco filma ikusteko aukera izango da. Lehenengo jarduera horretan ingurumena zaintzeko inplikazioari buruzko ipuin kontalariaz gain, zuntz naturalen aurkikuntzan oinarritutako tailer praktiko eta parte hartzaile bat izango da Latxa ardiaren artileari arreta berezia eskainiz. Hitzordua Mestiza elkartean izango da, eta sarrerak doan eskuratu behar dira Lekuona Fabrikan edota esteka honetan. Arco filma, haatik, Niessenen emango dute, 19:00etan. Sarrerak bide beretik erreserbatu behar dira.
Hilaren 17an (larunbata da) jarduera bakarra izango da, eta egun horretan Organik antzezlana egingo dute Koldo Mitxelena Bitera ikastetxeko aterpean. Lan horrekin naturarekiko errepsetua sustatu nahi dituzte umorea, parte hartzea, txotxongiloak eta klown fisikoaren bidez. Ikuskizuna herritar guztiei zuzendutakoa da, eta euskaraz izango da.
Klima aldaketaren inguruko kontzientzia piztu nahian
Datozen egunetan ere egitasmoko zenbait hitzordu izango dira herrian, hilaren 22an, esaterako. Egun horretan Oarsoaldeko basojabe pribatuentzako irtenbide bat. Basojabea zara eta baso naturalak interesatzen zaizkizu? hitzaldia emango dute Reina Aretoan Lurgaia Fundazioko Jon Hidalgok eta Naturtzaindiako Iñaki Aizpuruk. Solasaldiaren aurretik Naturtzaindiak Errenteriako habitat naturalen mapa berria aurkeztuko du bertako errealitate ekologikoa eta udalerriko natura leheneratzeko erronka berriekin.
Azkenik, hilaren 24an Oiartzun ibaiaren azterketarekin amaituko dute jarduera sorta. Fanderiako meandroan izango da hori, eta bertan ibai ekosistema ezagutzea eta hiri inguruneko ibaiek biodibertsitatea eta klima aldaketaren aurrean duten garrantziaz sentsibilizatzea izango da helburua. 10:00etatik 12:00eta egingo dute hori, eta erreserba hilaren 21a baino lehen egin behar da 628 53 23 03 zenbakira deituta edota mezu elektroniko bat idatzita.
Aste osoan zehar klima aldaketarekin lotutako materiala eta liburuak utziko dituzte Lekuona Fabrikako liburutegian eta Aldakonean.
