"Gazako herritarrek oso ondo dakite genozidioak aurrera jarraitzen duela"
Gernika-Palestina herri ekimenak deituta, elkarretaratzea egin dute Beko plazan 'Gernikaren herritik, genozidiorik ez! Gerrarik ez! lelopean'.
Gernika -Palestina herri ekimenak hamarnaka deialdi egin zituen atzokorako Gernikaren herritik, genozidiorik ez! Gerrarik ez! lelopean, eta oiartzuarrek ohi bezain fin erantzun diote egitasmoari.
Herri ekimenak mobilizazio horiek iragartzeko orduan nabarmendu zuen munduan genozidioa eta horrek dakarren des-humanizazio forma guztiak nagusitzen ari direla. “Ezin dugu inondik inora egoera tamalgarri hau normalizatu: gosea gerra arma gisa erabiltzea, lurraldea inpunitate osoz bereganatzea, iazko urriko su eten adostutik ia 1.300 pertsona erail ditu Israelgo estatuak…”, zioten.
Hori, baina, ez zen atzoko deialdia iragartzeko argudio bakarra, izan ere, irmo salatu zuten 1.096 egun eta gaueko infernua jasaten ari direla Gazan. “Duela urtebete titularrek ‘bahituak entregatzea’, ‘su etena’ eta ‘Trumpen plana zerrendarako’ aipatzen zituzten. Distantziarekin, esan dezakegu hura ‘su eten tranpa’ izan zela, Israelek gazatarren artean eragiten duen agonia titularretatik kentzeko bakarrik balio izan duena”.
Ildo horretatik, zioten estatu juduak genozidioa amaitu dela sinestarazi nahi diola munduari, baina Gazako herritarrek oso ondo dakitela genozidioak aurrera jarraitzen duela. “Saldu diguten ‘bakeak’ Palestinako biztanleria lehen zuen lurraldearen %40an pilatuta mantentzen du. Beste %60ak armada hebrearraren eskuetan jarraitzen du”.
“Saldu diguten ‘bakea’ heriotza gehiago da”
Aipatutakoaz gain, Gernika-Palestinakoek diote saldu duten “bakeak” pertsonak hondakinen azpian harrapatzen jarraitzen duela seguruak direla uste duten eraikinak hondatuta erortzen direlako azken urteotako bonbardaketen ondorioz. “Eta eraikinak arriskutsuak izan arren, familia osoak etxean giltzapetuta jarraitzen dute, bonbardaketa horien beldur. Bai, dagoeneko egunkarietako azala ez bada ere, Israelek Gaza bonbardatzen jarraitzen du. ‘Selektiboak’ ez diren hilketak, gazatarren etxeen atarian”.
Oiartzunen azaldu zutenaren arabera, “ez dugu inora irten nahi” esaten diote haurrek Husami. “Eta horrek bihotza apurtzen dio, itsasoa etxetik gertu dutelako. Deskonektatzeko, lasaitasun pixka bat sentitzeko… leku bakarra da. Baina orain, itsasora paseatzera irteteak izututa uzten du familia”.
Hartara, diote “saldu diguten ‘bakea’ heriotza gehiago” dela, arratoiak eta baita Israelgo armadaren hegazkinek jaurtitzen dituzten bonba kirats indartsuak ere. “‘Bake’ horrek haur gazatarrak gosearen beldurra barneraino sartuta edukitzen ditu. Hainbeste, ezen janari plater bat jasotzen dutenean, ez baitute jaten. Beren kanpandendetara eraman, gorde eta itzultzen dira galdetzera: ‘bihar ere izango al da jatekorik?'”.
Finean, argi diote: “Hori da saldu diguten ‘bakea’, baina ezin du isildu gaur kale kantoietan Palestinako genozidio jasanezinaren urte luzeengatik errepikatzen dugun salaketa”.
