Pasai Txaranga, hirurogeita hamar urte herria egiten
Antxoko Pasai Txarangak 70 urte bete ditu aurten, eta urteurren hori nahiz txarangak osatutako ibilbidea eta historia herriarekin ospatuko dituzte hilaren 17an. Musika eta jai giroa ez dira faltako Antxon.
Urteurrenak bereziak dira. Beti ospatu izan dira, beti egin zaie gorazarre, eta zer esanik ez urteurren hori biribila bada. Pasai Txarangak 70 urte bete ditu aurten. Txaranga Antxon sortu zen, 1956an, eta urteurrena eta txarangak osatutako ibilbidea eta historia herriarekin ospatuko dituzte hilaren 17an (larunbata), egun osoko jai batekin. Antxon sortuko den giroa ikaragarria izango da, egun horretan ere Antxoko II. Kinto Jaia jasoko baitu barrutiak, baina oraina eta etorkizuna ezin dira iraganik gabe ulertu.
Ramontxo Vega eta Asier Oiarbide Pasai Txarangako kide dira gaur egun. 30 eta 8 urte daramatzate, hurrenez hurren, taldean murgilduta, eta txarangaren hastapenak gogora ekarri dituzte. Gaur egun Pasai Txaranga gisa ezagutzen dena 1956an sortu zen Antxon. Zazpi hamarkadatako ibilbidean, baina, izen ezberdinak izan ditu txarangak. 1950eko hamarkadan lagun talde bat Antxoko Elorza tabernan biltzen zen, eta bandako musikari batzuekin lagunarte bat sortzea erabaki zuten, San Fermin Jaiak girotzeko. 1956an Peña Elorza sortu zen.
Ondoren, Carmelo Iriarte Polito zuzendari artistikoa batu zen taldera, eta lagunarteak izen berri bat hartu zuen: Fanfare Polito y Sus Discos Vivientes. Garai hartan Gipuzkoan, estatuan eta Frantzian jotzen hasi ziren. Urte batzuk pasata, Iriartek taldea utzi zuen, eta izena berriro aldatu zuten: Pasai Fanfarrea. Izen horren pean emanaldi kopurua handitu zuten, eta lan arrazoiengatik, emanaldiak errefusatu zituzten Alemanian, Herbehereetan eta Belgikan besteak beste.
Pasai Fanfarreak 30-35 kide inguru zituen 1980ko hamarkadan. Talde handiak kontratatzea garestia zenez, emanaldi kopuruak behera egin zuen, eta musikari askok Pasai Fanfarrea utzi zuten. Geratu zirenek gaur egun ezagutzen dugun Pasai Txaranga sortu zuten. Manuel Villena eta Jose Antonio Perez zuzendariekin, txaranga etapa berri eta arrakastatsu batean murgildu zen, eta aitzindari izan zen berbenak girotzen.
Urte arrakastatsu horien ondoren orkestrak azaldu ziren, eta Pasai Txarangaren musika bigarren maila batean geratu zen. Txarangak, baina, ez zuen inoiz kale animazioa utzi, eta emanaldiak eta musika errepertorioa aldatu behar izan zituzten garaiko demandara egokitzeko.
Egokitzea, funtsezkoa
Pasai Txarangak 70 urte bete ditu aurten eta zazpi hamarkada betetzea ez da kasualitatea izan. Egun, Pasaiako elkarte zaharrenetakoa da, eta gakoa momentuko beharretara, modetara eta egoerara egokitzea izan dela adierazi dute Vegak eta Oiarbidek. «70 urteak ez dira linealak izan, moldatu behar izan gara».
Hasieratik txarangaren helburua jaiak eta ospakizunak girotzea izan da, eta festa mota ezberdin asko ezagutu dituzte bide horretan. Hastapenetan, Pasaian eta inguruko herrietako jaietan aritzen ziren gehienbat. Ondoren, beren jarduna zabaldu zuten. Hala ere, emanaldi gehienak Gipuzkoan egiten ditu Pasai Txarangak. Azken zazpi hamarkadetan herriko jaietan, berbenetan, danborradetan edota bazkarietan aritu dira ekitaldi horiek girotzen. Orain, baina, ezkontzetan eta gazte bazkarietan txarangak kontratatzea modan dagoela baietsi dute bi musikariek, eta horietan ere murgildu dira: «Zuzeneko musika behar da leku guztietan, eta hor gaude gu».
Emanaldien nolakotasuna aldatzeaz gain, errepertorioa ere etengabe moldatu behar izan dute Pasai Txarangako kideek. Beti garaiko piezak jo dituela jakinarazi du Vegak, eta bide horretan errepertorio zabal-zabala dutela: «Denetik egiten dugu. Errepertorioa zabala da, 1950eko hamarkadatik gaur egungo musikara. Nik Georgie Dann edo Orquesta Mondragon jo ditut, eta Bad Bunny edo Aitana daude orain. Azken 20 urteetan ere euskal musika gehiago jotzen dugu txarangetan. Gazteek orain txarangak eskatzen dituzte. Gaur egungo Spotify dira».
Vegaren bidetik, Oiarbidek aitortu du txaranga batean «pentsaezinak» ziren abestiak jotzen dituztela orain: «Jotzen ditugun abesti batzuk pentsaezinak ziren txarangan sartu nintzenean. Txaranga batek reggaetona jotzea orain normala da. Zortzi urte daramatzat hemen, eta hasieran pentsaezina zena orain egiten dugu».
Uda bukatu berri da, eta aro hori bizia izaten da txarangentzat, urteko garai horretan izaten baitira herrietako jai gehienak. Lehen negua, gehienbat, entseatzeko baliatzen zuten, baina orain, udatik kanpo ere mugimendu handia dute txarangek: «Jendeak musika zuzenean nahi du, eta demanda handia dago orain. Neguko mugimendua gero eta handiagoa da, edozertarako deitzen gaituzte: Gau Beltza, San Tomas eguna, sagardotegi denboraldia, Inauteriak…».
Egun handiaren zain
Pasai Txarangaren egun handia hilaren 17koa izango da, egun horretan itzaliko baitituzte 70 kandelak. Egun osoan ez da musika eta jai giroa faltako Antxon. Barrutian lau txaranga eta musika talde bat elkartuko dira egun osoz, eta 14:30ean Ibaiondo frontoian bazkalduko dute denek batera. Bazkarian 80 pertsona inguru espero dituzte sustatzaileek, eta txarangako egungo kideak, kide ohiak eta gertukoak bilduko dira mahaiaren bueltan.
Festak 11:00etan egingo du eztanda, orduantxe hasiko baita Pasai Txaranga Antxo girotzen. 12:00etan, aldiz, Incansables txaranga arituko da barrutian. Bazkaldu ondoren, Joselu Anayak taldeak Antxo musikaz beteko du. Bukatzeko, beste bi txaranga izango dira barrutian: Mutil Gazteak (19:30) eta Aburrecalles (22:00). Horrez gain, txarangako hainbat kide beterano ere omenduko dituzte.
Pasai Txaranga Antxon sortu bazen ere, egun Donibanen bideratzen du eguneroko jarduna. Azoka bota zutenean Donibanen eman zieten aterpe, eta, ordutik, bertan egiten ari dira bidea. Bi musikariek, baina, argi dute txarangaren egoitza Antxo dela, eta harreman handia izaten jarraitzen dute barrutiarekin; hori dela eta, Antxon izango dira 70. urteurreneko jarduerak. Hilaren 17an urteurrena eta txarangaren ibilbidea eta historia herriarekin ospatuko dituzte. «Txaranga herrikoa da, eta zeinekin egongo gara hobeto? 70 urte dira eta Antxoko jende askok hartu du parte txarangan. Inguruko jende askok jo du eta harreman handia dugu herriarekin», hausnartu du Vegak.
Urtean zehar emanaldi dezente egiten dituzte. Txarangak osasun ona duela aitortu dute biek, eta bidea eta herria egiten jarraitu nahi dute.
