Kontsulta daitezke hautesle erroldaren zein mahaiaren kokapenak
Oiartzungo Udalak azaroaren 29ko espainiar estatuko hauteskunde orokorretako informazio orokorra helarazi du.
Oiartzungo Udalak jakinarazi duenaren arabera, kontsultatu daiteke dagoeneko azaroaren 29ko Espainiako Kongresu eta Senatuko hauteskundeetako errolda eta botoa emateko mahaien kokapena. Errolda 2026ko uztailaren 30eko informazioaren baitan osatu da; alegia, egun horretan erroldatutako helbidearen baitan zehaztu du INE-k botoa herritar bakoitzak zein tokitan eman behar duen.
Kontsulta hori egiteko epea hauteskunde garai osoa da, eta hautesle erroldaren aurka erreklamatzea epea gaurtik (hilak 12) hilaren 19ra bitartean izango da. Era berean, epe bera mantenduko da hauteskunde propagandaren posta bidalketak egiteko hautagai zerrendetako ordezkariei eman zaizkien hauteskunde erroldaren kopietan sartzearen aurka agertzeko epea.
Bestalde, mahaiak, hauteslekuak eta atalak banatzeko moduaren aurka erreklamazioak egiteko epea bihartik (hilak 13) hilaren 18ra bitartean izango da.
Nola egin behar da kontsulta?
Kontsulta egiteko zenbait bide daude: batetik, aurrez aurre udaletxeko idazkaritzara joanda. Han NA, pasaportea edota gida baimena erakutsi behar dira. Online ere begiratu daiteke @firma plataformarekin bat datozen ziurtagiriak baliatuta, baina BakQ-k ez du balio.
Ziurtagiri digitalik izan ezean, online begiratzeko aukera ere egongo da, baina horretarako zenbait datu eskatuko zaizkio eskatzaileari. Esteka honetan begiratu behar da.
Azkenik, ohartarazi dute posta bidez botoa emateko azken eguna hilaren 19a dela.
Hauteslekuak
- Elizalde: Elizalde ikastetxea (Manuel Lekuona etorbidea 5)
- Iturriotz: Udal lokala (Argiñene kalea 1, behea)
- Arragua: Lartzabalgo osasun etxea (Lartzabal etxadia z/g)
- Altzibar eta Karrika: Altzibarko eskolak (Agerrealde etxadia 7)
- Ergoien: Auzokalte elkartea (Tornola kalea 4)
- Gurutze: Bizardia elkartea (Gurutze bidea 18)
- Ugaldetxo: Udal lokala (Rafael Pikabea 56)
