Zintzilik Irratiak 42. denboraldia hasi du
Denboraldi berria hastearekin batera, Zintzilagun kanpaina aurkeztu dute; kuota 40 eurokoa izango da, gastuei aurre egiteko eta FM emisioa hobetzeko.
42 denboraldi pasa dira Zintzilik Irratia lehenengoa martxan jarri zutenetik. 2026-2027 denboraldia hastearekin batera, beste urte batez Zintzilagun kanpaina aurkeztu dute. Zintzilik Irratiak Bizarain mendiko antena mantentzea lortu du, eta hori dela eta, Oarsoaldean FM emisioa hobetzea lortu dute. Hobekuntza horiek gastuak dakartzate, eta horregatik ekarpen ekonomikoa oso beharrezkoa du irrati libreak.
40 eurokoa izango da urteko kuota. Bazkideak behar dituzte, eta izena emateko hainbat bide izango dituzte interesa dutenek. Batetik, zintzilik@sinominio.net helbidera idatzi beharko dute, eta karneta jasotzeko eta alta emateko aurrez aurreko hitzordua egin beharko dute. Bestalde, transferentzia egiteko aukera ere izango dute ES 71 3035 0011 21 0111131820 kontu zenbakira bidalita, kontzeptuaren atalean bazkidearen izena jarrita. “Zure ekarpena funtsezkoa izango da emititzen jarraitzeko”.
Kanpaina egun hauetan abaitu badute ere, azaroaren 14an, larunbatarekin, aurkezpen ekitaldia egingo dute Niessen aretoan. Bertan, Odei Barrosok eta La Furiak kontzertu bat eskainiko dute.
Podcast bat sortzeko tailerra
Bestalde, martxan jarri dute 42. denboraldiko lehenengo ikastaroa. Irratia ezagutzeko eta nola funtzionatzen duen ikusteko ikastaro bat antolatuko dute. Alegia, ikastaro honen helburua irratsaio edo podcast bat sortzea izango da.
Izen emateko mezu bat bidali beharko dute zintziliksindominio.net helbidera edota Mastodon edo Instagram kontuetara. Epea hilaren 28ra arte luzatuko da, eta izen ematea egindakoan harremanetan jarriko dira ikastaroaren ordutegiak finkatzeko.
