Esku Hutsik elkarteak antolatuta, herri argazkia eta solasaldia
Haurdunaldiko, Erdiondoko eta Jaioberrien Heriotzen Dolua Ikusgai Egiteko Mundu Eguna da ostegunean, eta gaiaz hitz egiteko solasaldia egingo dute bihar Itsaso Garzonekin.
Itsaso Garzon Mendizabal idazlea eta filosofia irakaslea. Ikerne Zarate Gartziarena Haurdunaldiko, Erdiondoko eta Jaioberrien Heriotzen Dolua Ikusgai Egiteko Mundu Eguna da ostegunean (hilak 15), eta urria jaiotza inguruko doluaren mundu mailako kontzientziazio hilabetea izanik, Oiartzungo Esku Hutsik taldeak herri argazkia ateratzeko deia egin du biharko, 18:30ean, Doneztebe plazan.
Jarraian, baina, Abaraxkarekin batera Herioz mintzo: Argi izpien aukerak liburuan oinarritutako heriotzaren inguruko solasaldia emango du Itsaso Garzon Mendizabalek.
Izenak dioen moduan, errenteriarrak Argi izpien aukerak liburua auto editatu zuen iaz, eta hura oinarri izanda emango du hitzaldia. Garzonek berak azaldu duenez, liburuan haren eta bere irakasle bat izandakoaren arteko istorioa kontatzen da, “ardatza da ikasle eta irakasle horrek nola lantzen duten heriotzaren gaia modu erreal batean, istorio erreal bat baita”.
Hitzaldiaren hasieran liburuaren nondik norakoak azaltzen ditu Garzonek entzulea kokatzeko eta zeren inguruan hausnartuko duten ulertu dezaten. “Filosofiako irakaslea naiz, eta sarreraren ondotik azalduko dut zergatik daukagun heriotzaren aurrea tabu hori, eta nola egin geniezaiokeen aurre”.
Amaiera aldean tabu horren arrazoiak zeintzuk izan daitezkeen ikusita, entzulea hausnarketara gonbidatzen du; “hitz egingo dugu batetik estatuak zer egin beharko lukeen horren aurrean, baita zientziak ere, baina batez ere guk komunitate bezala gai horren aurrean zein erantzukizun daukagun aztertuko dugu”.
