Goiatz Labandibar saritu dute Ramiro Pinilla lehiaketan
Eleberri laburren lehiaketan euskarazko lan onenaren saria eskuratu du oiartzuarrak 'Orbaintzea' lanarekin. Datarik ez badago ere, lana argitaratzea da hurrengo pausoa.
Ramiro Pinilla eleberri laburren lehiaketa Getxo Kulturak eta Pinillesca kolektiboak bultzatzen dute, eta aurten haren bederatzigarren edizioa egin dute. Lanak aurkezteko epea amaituta, saridunen berri eman dute berriki, eta tartean da Goiatz Labandibar oiartzuarra, Orbaintzea lanarekin euskarazko lan onenaren saria eskuratu baitu.
Labandibarrek berak kontatu duenez, sariketa berezia da Ramiro Pinilla, haren ezaugarrietako bat baita eleberri laburrak saritzen dituela. Noski, pozik da lorpenagatik, baina ez da lehenengo aldia saria jasotzen duena, 2021ean ere irabazi baitzuen. “Horri esker argitaratu nuen ‘Bekatua’, nire lehenengo nobela”, dio oiartzuarrak. “Ordura arte beti narrazioak argitaratu izan nituen, eta narrazioak idazten ditugunoi beti galdetzen digute noiz aterako dugun lehen nobela. Orduan, nire lehen nobela argitaratzeko aukera eman zidan Ramiro Pinillak”.
Lanaren inguruan galdetuta, idazleak dio lan saritua “nahiko testu berezia” dela. “Zesarea batetik abiatzen da, eta badu puntu autobiografiko bat. Gainera, auto fikzioa espresuki egiten saiatu naizen lehenengo aldia izan da, oso libreki”, dio. Oraindik ez dute datarik zehaztu, baina argitalpena sariaren parte denez, berandu baino lehen izango da irakurlearen eskuetan Orbaintzea.
Horretaz gain, nabarmendu du gustuko dituen literatur lan batzuetatik abiatuta egin duela Orbaintzea; “zesarea batek zenbateraino eman zezakeen ikusten saiatu naiz fikziotik eta literaturatik, eta badakit nahiko testu ezohikoa dela”.
Erronka “handi bat”
Labandibar “oso pozik” dago lorpenarekin, baina beretzat ariketa edota erronka “handi bat” izan dela nabarmendu du. “Ez nekien oso ondo nola aterako zen, nahiz eta nik banekien zer egin nahi nuen”, gehitu du. Orain, beraz, Orbaintzeak “beste bizitza bat” hasiko du, irakurle guztiengana helduko delako.
