Astero eskainiko dute gazteentzako sexu aholkularitza zerbitzua
Gozagunea zerbitzua Topalekuan ematen dute, 17:30etik 19:30era. Hurrengo hitzordua bihar (hilak 15) izango da.
Sexualitatea eta harreman afektibo sexualen inguruko zalantzak lantzeko udal aholkularitza zerbitzua da Gozagunea. Hamabi urtetik gorako nerabe eta gazteei zuzenduta dago, eta sexologian adituak diren profesionalek eskaintzen dute. Noski, konfiantzazko espazio seguru eta konfidentziala da.
Zerbitzu hori Topalekuan eskaintzen da, eta bertako hezitzaileekin harremanetan jarrita eskatu behar da hitzordua. Hala ere, zitarik gabe ere erabil daiteke zerbitzua eskaintzen den egunetan Topalekura bertara joanda, betiere sexologoak une horretan libre badaude.
Orain arte hilabetean bitan ematen zuten zerbitzua, eta ikasturte honetan astero emango dute 17:30etik 19:30era, ostegunetan edota ostiralean, astearen arabera.
Urte amaiera arteko egutegia
- Ostegunak
- Urria: 15 (bihar) eta 29
- Azaroa: 5 eta 26
- Abendua: 10 eta 17
- Ostirala
- Urria: 23
- Azaroa: 13 eta 20
- Abendua: 4
