400 bizilagun berriei igandean egingo diete ongi etorria
Abaraxkak eta udalak antolatutako hitzordua 11:00etan izango da. Gaur, baina, 'Hartzi' ipuina kontatuko dute zenbait hizkuntzatan.
Oiartzungo Udalak eman dituen datuen arabera, aurten 400 herrikide berri joan dira Oiartzuna bizitzera, izan inguruko herrietakoak zein atzerrikoak. Hori horrela, herriko komunitatera ongi etorria egiteko harrera saioa egingo dute igandean (hilak 18).
Abaraxka udal ludoteka eta udala 2015ean hasi ziren bizilagun berriei harrera egiteko ongi etorri ekitaldia antolatzen, eta aurtengorako ere festa, musika eta jan edana aitzakia hartuta elkar ezagutzeko saioa antolatu dute, 11:00etan hasita.
Ordu horretan herriko plazan elkartuko dira, eta kalejiran joango dira Arizmendieneako lorategira, bertan izango baitira ekitaldia eta hamaiketakoa.
Igandeko hitzorduaz gain, gaur (ostirala, hilak 16) Hartzi ipuina kontatuko dute udaletxeko areto nagusian zenbait hizkuntzatan. Antolatzaileek diote inork peluxezko txakurrik badu, eraman dezala ekitaldira.
