'Arrakala', bide berri bati hasiera emango dion kontzertua
Ayende musikari oiartzuarrak eta Karen Ortiz de Guineak 'Arrakala' kontzertua emango dute bihar Mogambo aretoan, 19:00etan.
Karen Ortiz de Guinea eta Ayende Urritegi. Ayende eta Karen Ortiz de Guinea. Bi emakume, bi ahots eta Mogambo aretoa. Bihar (hilak 17, larunbata) Arrakala izeneko kontzertua emango dute Ayende Urritegik eta Karen Ortiz de Guineak, Mogambo aretoan, 19:00etan.
Biba Zuek programan ezagutu zuten elkar, kasualitate hutsez, eta bide berri bati ekingo diote. “Oso kimika ona izan genuen, eta hori oso garrantzitsua da musikarien artean”, dio Ortizek.
Lehen momentutik jakin zuten biek elkarrekin zerbait egin behar zutela, eta Ortizi Mogambo aretoan kontzertu bat emateko aukera suertatu zitzaion. Antolatzaileek beste pertsona bat bilatzeko eskatu zioten, eta bi aldiz pentsatu gabe Ayenderekin harremanetan jartzea erabaki zuen. “Argi nuen Ayende ez zela nire hasierako gonbidatua izango, eta nirekin batera zerbait egitea proposatu nion”. Eta, horra, denbora tarte honetan prestatu dutenak bihar ikusiko du argia, norbere abestiak jotzeaz gain, elkarlanean ere zenbait abesti kantatuko baitituzte.
Arrakala
Berezia da bientzat biharko hitzordua, baina ez soilik elkarrekin egingo duten lehen kontzertua izango delako, baizik eta Mogambon izateak baduelako esanahi berezi bat. Ayende: “Gaur egun musikan toki bat egitea oso zaila da Euskal Herrian bertan artista handi asko dagoelako, eta hori positiboa da. Hala ere, artista txikiagoak edo independenteagoak garenok nolabait alde batera geratzen gara”.
Konpetentzia handia dagoela diote biek, baina pozik agertu dira hedabidearen aurrean, nolabaiteko arrakala edota zirrikitu batetik sartzen ari direla sentitzen baitute. “Mogambon orain artean rock kontzertuak egin dira, eta Kareni bere pop folk musika bertan jotzeko aukera suertatu zitzaionean aukera bat ikusi genuen arrakala horretatik sartzeko”, jarraitu du oiartzuarrak.
Abestiak, primizian
Ayende musikari oiartzuarrak biharko hitzorduan argitaratu gabeko abesti bat joko du. EPa amaitu du berriki, eta abesti sortako azkena ezagutaraziko du biharkoan. Napoles abestiarekin eman zion hasiera bideari, eta biharkoan erakutsiko du azken emaitza. Ortizentzat ere plaza berria izango da biharkoa, gaur bertan argitaratu baitu Después de todo diskoa. Arrakala ekitaldian bi musikariek emango dute zerbait berria argitara, eta jendearen erreakzioa ikusteko aukera izango dute horrela.
Biharko ekitaldiaren ondotik abiatuko duten bide horretan aurrera egin nahi dute, eta hortaz, prest agertu dira hitzordu gehiago lotzeko. –Sarrerak bihar eskuratu behar dira, leihatilan, bost euroren truke. Diru fisikoarekin ordaindu behar da–.
“Gaur egungo musika ez da bakarrik denbora guztian saltzen digutena, zerbait gehiago dago, eta beste batzuek dituzten medioak ez baditugu ere, badugu zerbait esateko”, amaitu du hitzartzea Ortizek.
