Bahia de Pasaiarekin, Antxo rockaren epizentro
Gaur (ostirala) Bahia de Pasaia Rock Jaialdiaren lehen ekitaldia jasoko du barrutiak, 18:00etatik aurrera. Bost talde arduratuko dira Biteri plazako dezibelioak igotzeaz.
Asteburua bizi-bizia izango da Antxon, arrastoa utziko duten horietakoa. Bihar (hilak 17, larunbata) Antxoko II. Kinto Jaia eta Pasai Txarangaren 70. urteurreneko ospakizunak jasoko ditu barrutiak. Musika eta jai giroa ez dira faltako egun osoan. Jendea ere ez, antxotarrak irrikan baitaude asteburuaz gozatzeko. Biharko eguna historikoa izango da, baina gaurkoa (hilak 16, ostirala) ere ez da atzean geratuko, Bahia de Pasaia Rock Jaialdiaren lehen ekitaldia egingo baita Antxon. Biharko eguna girotu eta motorrak berotzeko aukera ezin hobea dute gaur antxotarrek.
Iñaki Leunda eta Guille Barrenetxea dira Antxoko rock jaialdiaren arima, haiek dira antolatzaileak, baina ez bakarrak, herritar askok beren aletxoa jarri baitute jaialdia egin ahal izateko. Iaz 40 urte bete ziren Breaker fanzine heavya sortu eta argitaratzen hasi zenetik. 1985etik 1987ra bitartean hamar ale argitaratu ziren, eta fanzine hori eta sanferminetan egiten zen heavy metal eta rock estiloetako jaialdia gogoratu eta goratzeko (1986-1995), ekitaldi sorta bat antolatu zen Antxon 2025eko maiatzean. Tartean kontzertuak antolatu zituzten.
Rockak arrakasta izan du beti Antxon. Iazko kontzertu horien ondoren, jende askok esan zien Leundari eta Barrenetxeari horrelako jaialdi bat errepikatu behar zela, rocka berreskuratzeko. Bi musikariek erronka hori hartu zuten, eta Bahia de Pasaia Rock Jaialdiak Antxo rock musikaren epizentro bihurtuko du gaur.
Jaialdiak hiru ardatz dituela adierazi dute sustatzaileek, Antxoko eta Pasaiako historiarekin bat egiteko. Alde batetik, Leunda eta Barrenetxea Breaker fanzinearen historian eta giroan hazi ziren, eta mugimendu horri keinu egingo diote. Bestetik, Barricadak sortutako Bahia de Pasaia abestia beren bizitzaren soinu banda izan dela aitortu dute bi musikariek, eta 1984ko martxoan badian hil zituzten Komando Autonomo Antikapitalistetako biktimei omenaldi xume bat egin nahi diete, gertatutakoa gogora ekartzeko. Azkenik, kintoen eta Pasai Txarangaren ospakizunekin eta Bahia de Pasaia Rock Jaialdiarekin asteburua biribila izango da: «Gure mundua rocka da. Hori da herriari asteburu handi honetan egingo diogun ekarpena».
Hiru ardatz horiek hezurmamitu dute musika jaialdia, eta horren bidez bultzada eta mugimendua emango dizkiote herriari: «Askotan kexatzen gara herrian ez dagoela ezer, ez dagoela bizitzarik, ezta mugimendurik ere. Herriari bizitza emango diogu rockaren bidez». Jaialdiak, gainera, Antxo mapan kokatuko du, berri on batengatik: «Normalean Antxo beti azaltzen da gertakari larri bat edo zerbait txarra pasatzen denean. Orain zerbait polita eta potentea egingo dugu».
Bost kontzertu
Bahia de Pasaia Rock Jaialdian bost talde igoko dira Biteri plazako oholtzara, 18:00etatik aurrera. Leire, The Gú, Ezinezkoa, The Flying Rebollos eta Nuevo Catecismo Catolico taldeak arduratuko dira dezibelioak igotzeaz. Lehen hiruak herriko taldeak dira, sustatzaileen asmoa baita herriko talde txikiei oholtza profesional batean jotzeko aukera ematea. Beste bi taldeek, aldiz, izen handiagoa eta ibilbide luzeagoa dituzte.
Leundak eta Barrenetxeak jendea espero dute gaurko, eta sortuko den mugimendua herriko tabernentzat ere onuragarria izango dela ziur dira. Eragile kolaboratzaileen artean Pasaia Kirol Elkartea dago, eta haiek kudeatuko dute Biterin jarriko den barra. Astebururako euria iragarria dago, eta karpa handi bat jarriko dute Biterin, jendea aterpetzeko. Rock musikak biharko egun handia berotuko du.
