Bahia de Pasaia Rock Jaialdiarekin, Antxo rockaren epizentro
Urriaren 16an rockaren festa handia Antxon sortu berri den jaialdiarekin. Barrutiaren eta herriaren historiari keinua da musika latzaren zaleen topagunea.
Nuevo Catecismo Catolico taldea ere izango da Bahia da Pasaia Rock Jaialdian.J. A. Areta Goñi Antxo rock hutsa da. Latza. Horren erakusle, Bahia de Pasaia Rock Jaialdia. Urriaren 16an (ostirala) izango da rockzaleen topagune izan nahi duen, eta Antxoko nahiz Pasaiako historiarekin bat egingo duen jaialdia. 18:30ean hasita, bost taldek eutsiko diote dezibelioak jendartera botatzeari: Leire, The Gú, Ezinezkoa, The Flying Rebollos, eta Nuevo Catecismo Catolico. Herri ekimenez sortu da jaialdia, “herriko jendeak antolatua, herriarentzat, auzolanean eta kuadrilla ezberdinetako pertsonen arteko lanarekin”, eta Pasaiako Udalaren eta Pasaia Kirol Elkartearen laguntza du, “herriko denda, taberna eta kultur bizitza suspertzeko asmoz”.
Jaialdiaren izenaren eta izaeraren gainean hiru ardatz eman dituzte antolatzaileek: batetik, 1984ko martxoan badian hil zituzten Komando Autonomo Antikapitalistetako biktimei omenaldia egin nahi diete, horren harira Barricada taldeak egindako Bahia de Pasaia abestia erreferentziatzat hartuz; bestalde, urriaren 17an (jaialdiaren hurrengo egunean) Antxoko II. Kinto Jaia eta Pasai Txarangaren 70. urteurreneko ospakizunak egingo dira barrutian, eta horren atariko antzekoa izango da rock festa; azkenik, Antxok aspalditik doinu latzekin harreman estua izan du, eta adibidez, Breaker fanzineko kideen aterkipean —iaz bete ziren 40 urte lehen zenbakia publikatu zenetik— sanferminetan egiten ziren heavy eta rock jaialdi handiak ditu inspirazio iturri jaialdiak. Iazko maiatzaren 10ean, urteurren horren aitzakiapean musika jaialdia egin zen Antxon.
“Bahia de Pasaia Rock Jaialdia”, zehaztu dute antolatzaileek, “1984an badian izandako gertaeretako biktimei, eta Euskal Herrian indarkeriaren ondorioak eta sufrimendua pairatu duten pertsona guztiei omenaldi xume bat eskaintzeko asmoz jaio da. Jaialdiaren izenak Enrique Villarreal El Drogas Barricada taldearekin batera sortutako abesti mitikoa ekarri nahi du gogora, abesti hori, Breaker fanzine historikoaren izpirituarekin batera, antxotar askoren bizitzaren soinu banda izan baita urte hauetan guztietan”.
Musika hitzordu honek, herriko talde berriei eta tokiko talentuari agertoki zein lan-talde profesional bat eskaintzeaz gain, “Antxo berriro ere eskualdeko musika eta kulturaren mapan” jarriko duela azaldu dute antolatzaileek.
Antolatzaileek, Antxon zein talde izango diren ezagutarazteko, horien gaineko informazio fitxa zehatzak bidali dituzte HITZAra. Jarraian ikus daitezke

Jaialdiaren kartel ofiziala da honakoa.
Leire
“Bermutaren eta bazkalosteko giroa alaitzeaz arduratuko da, gitarra akustikoarekin eta ahotsarekin ikusleak giroan murgiltzeko ikuskizun erraz batekin. 5 urte inguru daramatza bide honetan, lokal txikietatik hasi eta gertaera handiagoetaraino (adibidez, Buenavistako festak edo Alabergako garagardo festa). Bere errepertorioak rock ezaguneko abestiak (Extremoduro, Reincidentes, La Polla, Barricada, El Ultimo de la Fila, Los Piratas) eta umorezko kantak (Los Gandules, Javier Krahe, Riki Lopez) uztartzen ditu”.
The Gú
“2020an sortutako proiektua, Jaione, Iñaki eta Diegoren eskutik, 1980ko zein 1990eko hamarkadetako rock izpirituko abestiak sortzeko ilusioz. Sei urteko ibilbidearen eta zenbait kide aldaketen ondoren, taldea gaur egun honela finkatuta dago: Gorane (ahotsa), Iñaki (bateria), Tony (baxua), eta Mikel eta Diego (gitarrak). Euren lana bi etapetan grabatu dute: Filosofía de andar por casa (11 abesti) eta Tic tac (3 abesti). Zuzenekoak dituzte motibazio nagusi eta entsegua ondo pasatzeko une gisa bizi dute”.
Ezinezkoa
“Pasaia eta Irun artean 1996 inguruan sortutako talde gipuzkoarra (Guiller, Imanol, Iñigo eta Igor kideekin). Rock konbentzionalaren topikoetatik urrun, giro ilun, dotore eta poetikoak arakatzen dituzte. Euren hitzetan sakontasun liriko handia dago, gau-giroa, sentsualitatea, nahiak eta hiri-pasioak ardatz hartuta. Unibertso intimista hori gizarte-sentsibilitate handiko gai idatziekin orekatzen dute, adibidez alzheimerraren garapenak dakarren memoria zein nortasunaren galera eta dolu emozionala landuz. Marea edo Cesar Strawberry bezalako taldeekin oholtza partekatu ondoren eta 2009ko etenaldiaren ostean, 2019an berriro elkartu ziren eta Al borde de una caricia (2026) disko berria kaleratu dute”.
The Flying Rebollos
“Portugaleten 1990ean jaiotako rock talde historikoa. Me vi a matá lehen maketarekin 2.500 ale saltzea lortu ondoren (DDT talde libertarioaren laguntzaz), Gor Discos-ekin Veranos de perros (1993) lana grabatu zuten Lorentzo Records estudioetan. 1997an Esto huele a pasta diskoa argitaratu zuten, Iñaki Uoho Antonek ekoiztua. 1990eko hamarkadan zehar errepidean ibili ondoren eta mende amaieran banandu ostean, taldea 25 urteren ondoren berriro elkartu da jatorrizko kideekin (Edorta Arostegi, Txus Aldai, Gorka Bringas, Xabi Goikoetxea, Lalo Sugar Fandiño eta Koki Chamorro baterian)”.
Nuevo Catecismo Catolico
Euskal punk eta rock underground eszenaren erreferente nagusietako bat, 1992tik etenik gabe jardunean. Jatorrizko formakuntza kondairazkoa mantenduz eta ehunka kontzertu bizkarrean dituztela, laster single berri bat argitaratuko dute, azken urteotan kaleratutako lau 7″ eta zuzeneko LP bat gehituz. Euren doinuak punkaren eta rock gogorraren indarra uztartzen ditu, powerpop, glam rock, hardcore zein garage punk ukituekin.
