40 urte hausten hasi zenetik
40 urte dira Antxon 'Breaker' fanzine heavya sortu zutenetik. Hori oroitzeko ekitaldi sorta antolatu dute hilaren 8tik 10era.

Kaseteak, biniloak, txima luzeak, galtza estuak, petatxodun txupa bakeroak —eleganteenek larruzkoak—, gaztetasuna, kale biziak, iltzedun besoko eta pultserak, ilusioa, ezinegonak, nahiak, musika, elastiko beltzak, kultura. Antxo. Aro bizi-bizia izan zen 1980ko hamarkada. 40 urte dira orduan oso gazte zen antxotar lagun talde batek Breaker fanzine heavya sortu eta argitaratzen hasi zenetik. 1985etik 1987ra hamar zenbaki egin eta zabaldu zituzten; azkenaren 400 ale saltzera iritsi ziren. Hura, nahiz Antxon sanferminetan egiten zen heavy musika estiloko jaialdia oroitzeko (1986-1995) asteburua izango da hurrengoa, hilaren 8tik 10erakoa.

Ezkerrean eta eskuinean, ‘Breaker’-eko kide Ion Koldo Olea eta Juan Mari Serrano. Erdian, Aitor Brion Kultura zinegotzia. Urteurreneko ekitaldiak aurkeztu zituztenekoa da irudia.
«IKOk deitu zidan, oroitarazteko Breaker fanzineak 40 urte betetzen zituela aurten. Hasiera batez Antxoberfest jaialdiarekin batera zerbait egitea pentsatu genuen, maiatzean zelako. Hura bertan behera gelditu, eta Pasaiako Udalari aurkeztu genion asmoa. Onartu ziguten, eta lanean hasi ginen. Hala izan zen dena». Aurreko hitzak Juan Mari Serrano antxotarrarenak dira. Ion Koldo Olearekin (IKO) batera ari da antolatzen heavy musikaren zaleen ikur bilakatu zen fanzine edo agerkari independentea oroitarazteko ekitaldiak: hilaren 10ean (larunbata) Breaker Fest jaialdia jasoko du barrutiko Biteri plazak 20:00etan, Anestesia, Leize eta Kalean taldeekin; hilaren 8an, duela 40 urteko musika giroaz hitz egiteko solasaldia izango da Kultur Etxean; eta areto hori izango du etxe agerkariaren eta herriko heavy jaialdiaren berri emango duen erakusketa.
Berriro bolo bat antolatzen. Hala aurkitu dute euren burua Serranok eta IKOk. «Maiatzaren 10eko kontzerturako taldeak aukeratzerakoan Breaker-en esentzia bilatu nahi izan dugu. Anestesia, Leize eta Kalean nahi genituen, haiek dira argitalpenaren izaera hoberen adierazi dezaketen taldeak. Haiekin hitz egin, eta dena oso erraz jarri ziguten».
Jende asko espero dute hilaren 10eko kontzerturako. Doan da, kalean, Biteri plazan. Garai batean bezala. «Lagun eta ezagunek esan digute etorriko direla. Litekeena da gurasoak seme-alabekin ere agertzea. Oraindik tiradizoa duten taldeak dira Leize, Anestesia eta Kalean. Batzeko, elkar egoteko eguna izango da. Aspaldian ikusi gabekoak agurtzeko». Pasaiako Udalaren laguntza eskertu du Serranok, dena aurrera eraman ahal izateko beharrezko babesa eman dietelako. Gainera, Tabu Demonsen nahiz Larratxoko Heavy Jaia antolatzen dutenei ere eskerrak eman dizkie, kontzertuan laguntzaile izango dituztelako. Laurak Bat Pasaiako Merkatari, Ostalari eta Zerbitzu Elkartearen bidez lotuko dute barra zerbitzua.
1984
Serranok azaldu du IKOk punkaren zale batekin izandako solasaldi-eztabaida batetik sortu zela Breaker egiteko ideia, 1984an. Esan omen zion ezinezkoa zela heavyari buruzko fanzine bat egitea. Punkiek eta bestelako musika esparruetako kideek bazituzten eurenak. «Heavyek ez omen genuen mezurik zabaltzeko. Musika nahiko komertziala zela esaten zidaten, eta ez zuela fanzinerik behar. Pentsatu, eta fanzinea heavya gustuko zuen jende gehiagorengana iristeko sortu genuen, eta ez mezu jakinik zabaltzeko. Ondoren, laguntza behar zuten bertako taldeak babestea erabaki genuen», azaldu zuen 2022ko irailean IKOk Herriko burdina Euskal Herriko heavy metalaren atarian (herrikoburdina.eus) egindako elkarrizketan.
Lauren artean sortu zuten aldizkaria; Serranoz eta Oleaz gain, Gotzon Arrizabalaga eta Felix Balanz izan ziren hastapeneko lantaldean. Lehen zenbakietarako edukia bilatzeko Frantziako Estatura joaten ginen hango aldizkariak erosi, horietan zeuden elkarrizketak-eta itzuli, eta publikatzeko. «Euskal Herriko taldeen berri ere ematen genuen. Zenbakiek aurrera egin ahala, ordea, hemengo taldeen presentzia askoz nabarmenagoa izan zen». Ausardiarekin joaten ziren taldeen entsegu lokaletara elkarrizketak egitera, «gazteak ginen, bai. Baina taldeetako kideak ez ziren gu baino askoz zaharragoak!». Argazkiak, testuak, maketazioa eta muntaia, bi orriko posterra… Den-dena haiek egiten zuten. Breaker-en lehen zenbakiak 100 ale fotokopiatu izan zituen, hamargarren eta azkenak 400, horiek ere fotokopia bidez ekoitziak. Kaleratutako oro saldu zuten. Heavy komunitatea saretu zuten, punkien usteak ustel utziz.
«Zerbait egin behar zen», berretsi du Serranok. «Mugitzen ez bazinen, ez zegoen deus. Egun dena dute eskura gazteek. Bada ezer egiten ez dela kexatzen denik ere. Mugitzea da kontua. Hori egin genuen», goretsi du Serranok. Breaker 1981ean Accept talde alemaniarrak kaleratu zuen disko baten izena da. «Taldea gustuko izan, eta izen hori hartzea erabaki genuen». Aro hauslea abiatu zuten Antxon lau gaztek.
Heavy jaialdia
Fanzineak kolaboratzaile sare indartsua zuen. Horren partaide izan ziren Iñigo Anatol eta Joxi Lanzas. Istripuan hil egin ziren biak. «Antxoko jai batzordearekin asko borrokatu ondoren, lortu genuen sanferminetan bien omenezko jaialdia egitea. Milaka izan ziren herrian heavy musikaz gozatu zutenak. Sekulakoa izan zen aro hura ere bai».
Bai aldizkari apurtzailea nahiz heavy jaialdia harrabotsik sortu gabe joan ziren. Horien sortzaileek erabaki zutelako desio zuten funtzioa bete zutela, agur mezu edo ekitaldi burrunbatsurik gabe. «Izan daiteke bai 10eko kontzertua, zein hitzaldia nahiz erakusketa zirkulu bat ondo ixteko aukera izatea. Isilik joan ziren fanzinea eta jaialdia goratzeko, eta gu geu nahiz fanzinearen inguruan sortu zen komunitate osoa gustura gelditzeko».

Antxoko sanferminetako heavy jaialdiaren irudia, 1988koa, festetarako propio jartzen zen zezen plazan.
Agertokietan 40 urtez izan direnen testigantzak
Hilaren 10eko Breaker Fest kontzertuaren aurretik badira hainbat girotze ekitaldi Pasaian. Horietako bat hilaren 8an (osteguna) Antxoko Kultur Etxean egingo den mahai-ingurua da, 40 urtez agertokiei buruz izenburupekoa. 19:00etan hasiko da.
Hizlariek badute zer esan. Izan ere, Euskal Herriko heavy, metal eta rock esparruetan eskarmentu handikoak dira. Felix Lasa (Leize), Mikel Kazalis (Estigia, Negu Gorriak, Kuraia, Anestesia) eta Gonzalo Ibañez (La Perrera, Nuevo Catecismo Catolico) arduratuko dira bafle eta argi artean bizitakoak kontatzeaz. Solasaldiaren dinamizazioa Herriko burdina, Euskal Herriko heavy metalaren ataria hedabideko (herrikoburdina.eus) Inaxio Esnaolaren esku izango da.
Hitzaldia bukatzen denean Antxoko Hardwave taldeak kontzertu laburra emango duela aurreratu dute antolatzaileek.

Breaker fanzinearen historia, eta aldi berean haren inguruan sortu zen mugimenduaren berri emateko erakusketa izango da zabalik Antxoko Kultur Etxean hilaren 8 eta 9an (18:00-21:00) eta 10ean (17:00-20:00). Ion Koldo Oleak (IKO) emandako irudietan oinarrituta, Juxe Areta Goñi argazkilari oreretarra arduratu da erakusketa muntatzeaz. «Erakusketa antolatzeko laguntza eskatu zidan IKOk. Hark jada bazituen 800 negatibo ikuskatuak, eta horietako batzuekin etorri zen nigana. Arrazoi askogatik estimu handia diot IKOri, maiz egondakoak gara. Aspalditik ezagutzen dut, eta argazkietako talde gehienak ere ezagutzen ditut».
Hiru ardatzeko erakusketa sortzea proposatu zion antxotarrak Aretari. «Antxoko sanferminetako heavy jaialdiko irudiak; gertuko taldeenak; eta garai hartako kontzertuetako giroaren eta publikoaren argazkiak nahi zituen». Negatibo horiek eskaneatu, landu eta txukundu zituen Aretak. «Negatiboek urte pila dituzte, eta konpondu ditut. Baina saiatu naiz horien esentzia mantentzen, koloretakoak zirenez, hala uzten. Ukitu zahar hori uzten saiatu naiz». Fanzineak ere artelanak zirela berretsi du Aretak: «Erabat eskuz eginak ziren, moztu, itsatsi eta fotokopiatuz. Adin bat dugunontzat oso inportanteak ziren. Hedabide ofizialetatik at, gertuko taldeen berri izateko oso baliagarri izan ziren. Sekulako balioa zuen horien funtzioak».
Osotara, eta Antxoko Kultur Etxearen tamaina kontuan hartuta, hamalau argazki handik nahiz fanzinearen aleek eta prentsa artikuluek osatuko dute mostra.