Erraldoia izango da Antxoko II. Kinto Jaia
Bihar (larunbata) Antxoko II. Kinto Jaia egingo da barrutian. Aurtengoak 30 belaunaldi eta 1.080 pertsona bilduko ditu egun osoz. Antxotarrak egunaren zain daude.
Kinto egunak aitzakia bikaina dira belaunaldi bereko pertsonak elkartzeko. Tipikoa da adin bereko kideak berriro biltzea, jai eta ospakizun giroan. Antxon ohitura horri dimentsio erraldoia eman zioten 2022an, Antxoko I. Kinto Jaia antolatuta. Lehen topaketa hura arrakastatsua izan zen, eta aho zapore bikaina utzi zuen barrutian. Lehenaren arrakasta ikusita, Antxoko II. Kinto Jaia egingo dute bihar (hilak 17, larunbata), eta 50 urtetik gorako kintoek Antxo hartuko dute, gogo handiz.
Jokin Oiarbide da egitasmoaren antolatzaileetako bat. Pandemiaren aurretik, Oiarbide eta beste herritar batzuk kinto jai handi bat egitea planteatzen hasi ziren. Pandemiaren eraginak pasata, I. Kinto Jaia antolatzea erabaki zuten, eta 2022ko urriaren 22an egin zen lehena. Oiarbidek aitortu du eguna primeran atera zela, eta horrelako iniziatibak aitzakia ona direla herritar guztiekin berriro elkartzeko: «Jaia oso polita izan zen, dena oso ondo atera zen, oso ondo antolatua. Kinto egun bat egiten duzuenean, zure adineko jendea ikusten duzu soilik, baina Antxon harago joan ginen, eta edonor topa dezakezu kinto jaian. Oso-oso polita da hori».
Aurten 30 belaunaldi eta 1.080 pertsona bilduko dira Antxon. Topaketa erraldoia izango da. Horietako asko, gainera, Antxotik kanpo bizi dira, eta barrutira itzuliko dira asteburuan herritarrekin egotera. Parte hartzaile guztiek 50 urte edo gehiago dituzte, eta 1947ko belaunaldia izango da zaharrena. Urte horren aurretik jaiotakoek ere parte hartu ahal izango dute, pot-pourri deitu duten taldean, eta ez dira zintzilik geratuko. Egunaren bukaeran kinto guztiak nahastu egingo badira ere, erraza izango da bakoitza identifikatzea, norberaren jaiotze-data jasotzen duen zapia eramango baitute denek lepoan, harro. Belaunaldi bakoitzak, gainera, familia argazkia ere aterako du.
Jaia egun osoan
Antxoko Kinto Jaiak indarra hartu du. Hori ukaezina da, eta jaiaren pareko egitarau batez gozatuko dute antxotarrek bihar. Jaia hasteko, txupinazoa jaurtiko dute 12:00etan. Ondoren, belaunaldi bakoitza taberna batera joango da hamaiketakoa egitera. Oiarbidek adierazi du kinta bakoitzak aukeratu duela jada bere txokoa. Mokadutxoa jan ondoren, parte hartzaile guztiak Biteri plazara joango dira bazkaltzera, 14:30ean. Aurtengo jaiak, gainera, berritasun nabarmen bat duela jakinarazi du antolatzaileak. 2022an belaunaldi bakoitzak herriko puntu batean bazkaldu zuen. Aurten ez da horrela izango, den-denak Biteriko karpan bilduko baitira bazkaltzeko.
Sabelak bete ondoren, jaiak jarraipena izango du arratsaldean. 17:30ean, eta Pasai Txarangako kideekin batera, Joselu Anayak taldeak kontzertua egingo du Biterin
