Arragua hobe bat lortzeko desioak elkartu ditu
Arraguatik egunero igarotzen diren kamioiengatik kexu dira auzotarrak, horrek eragiten dituen auto ilarez gain bozina hots etengabeak entzuten dituztelako eta kutsadurak gora egiten jarraitzen duelako. Egoerari aurre egiteko hirigintza taldea sortu dute.
Nazkatuta daude Arraguako bizilagunak. Nazkatuta kamioien joan-etorrien gaiarekin, eta “nahikoa da” esan dute. Auzotik egunero 2.200 kamioi pasatzen dira, eta horrek auto ilara amaigabeez gain, bestelako zenbait arazo ere sortzen ditu. Zerrenda luze bat osa daiteke, kutsaduraz gaindi, egoera horrek sortzen dituen ondorioekin. Arraguarrek horri ekitea erabaki dute.
“Nazkatuta gaude arazo honetaz, eta zerbait egin behar genuen. Goiz eta arratsaldero auto pilaketak, bozina hotsak, kutsadura… Urteak daramatzagu arazo honekin, eta aldundiak badaki, baina ez du ezer egin oraindik”. Horiek auzo horretako zenbait bizilagunen hitzak dira, baina ez dute banako moduan hitz egiten, Arraguako Hirigintza Taldearen izenean baizik.
Azken egunetan Instagramen sortu duten kontuarekin [@arraguakohirigintza] jakinarazi dute auzoan hirigintza batzorde bat sortu dutela, baina ez da ezer berria, duela urte batzuk ere martxan egon baitzen horrelako zerbait. Gainera, talde berri hau sustatu dutenak garai bateko kideak izan dira, baina partaide berriak ere fitxatu dituzte.
“Guk irtenbide bat eskaini nahi diogu egoerari, erakutsi arazoak sortzen ari direla auzoan, eta irtenbidea berehala behar dugula. Ez da auzotarren arazoa soilik, Oiartzundik atera edo Oiartzunera etorri nahi duen jende guztiari eragiten diete arazo horiek”, diote taldekideek.
Kamioiak lehenbizi
Hirigintza taldekoen egitekoa “Arragua hobetzea eta eraldatzea” da, eta horretarako sortu dute, justuki, batzordea, “auzoan aldatu beharrekoak identifikatu, zabaldu eta elkarrekin eragiteko”.
Eskuartean zenbait jarduera dituzte dagoeneko batzordekoek, baina kamioien afera jarri dute erdigunean, eta horretan ari dira buru-belarri. “Oarsoaldeko zenbait herrik ikerketa bat egin dute, eta Oreretan aurkeztu zuten. Udalek ere arazoa konpondu nahi dute, baina ezin dute askoz gehiago egin. Hortaz, auzotarren artean firmak jasoko ditugu, eta diputazioarekin hitz egingo dugu arazoari konponbide bat emateko”.
Urte honetako uztailean jakinarazi zuten Oarsoaldeko lau udalek trafiko astunak eskualdean sortzen dituen egiturazko arazoen diagnostiko teknikoa eta esku hartzeko proposamenak landu dituztela. Orduko hartan azaldu zuten azterlan horren helburua ez dela mugikortasuna edota jarduera ekonomikoa mugatzea, “ibilgailu astun edo kamioi horien kudeaketa era ordenatuagoan egitea” baizik, trafikoaren emarian zein herritarren egunerokoan horren eragina murrizte aldera.
Egindako ikerketa hori Gipuzkoako Foru Aldundiari aurkeztu zioten eskualdeko alkateek, aldundia bera baita errepideen arloan eskumena duen erakundea. Orduko hartan eman zituzten datuen arabera, eskualdetik 9.000 kamioi pasatzen dira egunero-egunero. Lau alkateek, bide horretan, azaldu zuten trafiko astunaren arazoa “estrukturala” dela, eta mugikortasunari ez ezik, zuzenean eragiten diola bide segurtasunari, osasun publikoari, bizi kalitateari, ingurumenari eta lurraldearen lehiakortasun ekonomikoari. Proposamena lantzeko mahai tekniko politikoa osatzeko eskatu zioten aldundiari.
Ez da erronka makala auzotarrek euren buruari jarri diotena, baina elkarlana eta auzolana giltza izanik, Arragua hobe bat eraikitzen saiatuko dira. “Trafikoarena da oraingoz gure eginkizun nagusia, aurrerago ikusiko dugu ea beste zerbait egin dezakegun auzoa hobetzeko2.
Auzolanerako batzordeak badaki “udalak gauza asko” egiten dituela, baina nabarmendu du ez zaizkiola beti auzotarren kezka guztiak iristen; “gure ustez garrantzitsua da auzotarrak gustura egotea”. Horregatik, topoak geltokia duen auzoko biztanleen kezkak jaso eta udalari helaraziko dizkiote.
Auzoa handituko da
Auzoaren gaur egungo egoeraren inguruan galdetuta, diote oro har “oso ondo” dagoela ingurua: “Auzo oso lasaia da, garraio publikoaren eskaintza zabala dago, baina orain egingo dituzten etxe berriek eta etorriko den jende guztiak kezkatzen gaitu. Auzoko populazioa bikoiztu egingo da, eta horrek kezkak sortzen ditu”.
Auzoko populazioa handitzeak jendea bertara lekualdatuko dela esan nahi du, eta ondorioz familia unitateek euren autoak erabiliko dituztela leku batetik bestera mugitzeko. Ondorioz, are auto gehiago ibiliko dira Arraguako errepideetan zehar, Oiartzunera joateko edota bertatik ateratzeko. Hirigintza taldeak, baina, berandu baino lehen nahi dio arazo horri aurre egin, gaur egun auto ilaren arazoari etorri berrien balizko joan-etorriak erantsiko litzaizkiokeelako.
Argi utzi dute taldekideek lehenengo pausoa errepidearen egungo egoeraren gaineko lanketa egitea izango dela, baina etxebizitzen gaia ere izan dute mintzagai. “Etxebizitzen kontuarekin hasten direnean, aparkalekuekin arazoak aurreikusten ditugu”, azaldu dute.
Auzokideen arabera, Oiartzungo “jende asko” joaten da Arraguara kotxez han topoa hartzeko asmoz, eta salatu dute askotan ez dela aparkatzeko lekurik egoten, “are gutxiago Donostia edo Irun aldean ekitaldiren bat dagoenean”. Horren adibidetzat jarri dituzte Realaren futbol partidak. Hala ere, pausoz pauso joan nahi dute bidea egiten: “Ez dugu aurreratu nahi”.
Bederatzi pertsona
Hirigintza batzordearen taldearen osaeraren inguruan galdetuta, kontatu dute oraingoz bederatzi auzokideren ekimenez sortu dute taldea. Besoak zabalik dituzte jende gehiagorekin lan egiteko. Hartara, Arraguako norbaitek taldean sartu nahiko balu, Instagrameko kontutik jarri beharko litzateke harremanetan kideekin. “Bileretara agertzea nahikoa da taldearen parte izateko”.
Argitu dute oraingoz ez dituztela publiko egingo hitzorduak noiz egingo dituzten, baina nabarmendu dute haiekin harremanetan jartzen direnei bileretara joateko deia luzatuko dietela.
Lan ildoaz galdetuta, auto ilaren aferan zentratuko direla nabarmendu dute. “Hau burutu ostean joango gara hemendik aurrerakoak antolatzen”. Hurrengo urratsen gainean ere pistaren bat eman dute: “Laster hasiko diren etxebizitza berrien obra ere jarraituko dugu”, diote.
Auzoa hobetzea da taldearen helburu nagusia, eta beraz, horrek markatuko du egin beharrekoen zerrenda. “Taldea auzoko ilaren arazoa konpontzeko sortu genuenez, ez dugu zein jarduerarekin hasi aukeratu beharrik izan oraingoz. Hala ere, hautaketa auzotarren kezka mailaren arabera egitea pentsatu dugu”, esan dute Arragua hobe batean sinesten dutenek.
