Angeluko 19 urteko emakumearen erailketa salatzeko, kalera
Oiartzungo Feministen Asanbladak elkarretaratzea egingo du gaur (hilak 19) 18:30ean, Doneztebe plazan. Udalak bat egin du deialdiarekin.
Irailean bortxatua izan ondoren 19 urteko emakume batek bere buruaz beste egin du Angelun (Lapurdi), eta kasua “erailketa matxistatzat” hartu du Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak. Hori horrela, kaleak hartzera deitu dute.
Oiartzungo Udalak gertakariak “gogor salatu” eta gizarte parekide baten alde lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi du: “Gertakari honek indarkeria matxistak emakumeen bizitzetan eta ongizatean dituen ondorioez hausnartzera behartzen gaitu, baita indarkeria horren adierazpenak aztertzera ere”.
Emakumeen Antolakunde Sozialistak elkarretaratzeak egin ditu asteburuan Hego Euskal Herriko hiriburuetan, eta Mundu Martxak, berriz, gaur (hilak 19) eta asteazkenean (hilak 21) egingo ditu protestak.
Oiartzungo Feministen Asanblada, kalera
Beste zenbait eragileren antzera, Oiartzungo Feministen Asanbladak era erailketa salatzeko kaleak hartuko ditu gaur. Ondorioz, elkarretaratzea egingo dute 18:30ean Doneztebe plazan.
Udalak bat egin du deialdiarekin, eta herritarrak euren gaitzespena adieraztera gonbidatu ditu –indarkeria matxista salatzeko puntu morea jarri dute udaletxeko balkoian–.
