Harrera bikaina izan du Jabetze Eskolaren neguko programak
Aurten 252 emakumek eman dute izena, iaz baino %10,5 gehiagok. Jarduerek harrera eta interesa erakusten dutela adierazi du udalak.
Pasaiako Udalak jakinarazi du Jabetze Eskolaren neguko programazioak harrera ona izan duela herritarren artean. Orotara, 252 emakumek eman dute izena 2026-2027 ikasturteko neguko eskaintzan. Iaz 228 emakume aritu ziren Jabetze Eskolan, eta parte hartzea %10,5 igo da aurreko ikasturtearekin alderatuta.
Datu horiek Jabetze Eskolak Pasaiako emakumeen artean duen “harrera eta interesa” erakusten dutela adierazi du udalak. Horrez gain, Jabetze Eskola bezalako espazioek emakumeen autonomian, ahalduntzean eta sareak indartzean garrantzitsuak direla baietsi du udal erakundeak.
Neguko programazioak jarduera mordoa biltzen ditu, urte osoan zehar garatzen diren talde eta ikastaroen bidez, baita iraupen laburragoko tailerrekin. Sustatzaileen arabera, Jabetze Eskolaren helburuak dira emakumeen gaitasunak eta autonomia indartzea, norbanakoen zein taldearen eraldaketa sustatzea eta emakumeen arteko harremanak eta sareak sortzea.
Izen emateen artean, udalak jakinarazi du harrera ona izan dutela indar fisikoa lantzeko saioek. Aurtengo berritasuna dira eta izen emate kopuruak talde bakarraren eskaintza gainditu du. Hori dela eta, bigarren talde bat sortuko dela aurreratu du udal erakundeak.
Aurreko urteetako eskaintzen artean brikolaje eta konponketen eta zoru pelbikoaren tailerrek izan dute eskaera handiena. Bi kasuetan bigarren taldeak sortzeko aukerak aztertzen ari da udala.
Urte osoko proposamenen artean, aldiz, mindfulness eta munduko emakumeen literatura ikastaroek parte hartze handia izaten jarraitzen dute. Iraupen luzeko prozesuak direnez, emakumeen gaitasunak lantzeaz gain, prozesu pertsonalak eta harreman sareak eraikitzeko aukera ere eskaintzen dutela adierazi dute sustatzaileek.
Aintzane Taberna Pasaiako Udaleko Berdintasun zinegotzia pozik da Jabetze Eskolak izan duen harrerarekin: “Emakumeen ahalduntzerako eta autonomia indartzeko espazioek beharrezkoak izaten jarraitzen dute. Jabetze Eskolak, prestakuntza eskaintzeaz harago, emakumeek esperientziak partekatu, elkar ezagutu, gaitasunak garatu eta bakarka zein kolektiboki eraldaketa prozesuak sustatzeko topagune izaten jarraitzen du”.
