"Egiturazkoa den indarkeria honekin amaitzea urgentea da"
Oiartzungo Feministen Asanbladak elkarretaratzea egin zuen atzo Angeluko 19 urteko emakume gaztearen erailketa salatzeko.
19 urteko emakume gazte batek bere buruaz beste egin du Angelun, egun batzuk lehenago Baionan bortxaketa bat jasan eta salatu ondoren, eta Oiartzungo Feministen Asanbladak “amorrua eta mina” adierazi zituen atzokoan, Doneztebe plazan.
Ezer baino lehen, euren elkartasun eta babes osoa adierazi zizkieten emakume gaztearen senide, lagun eta hurbilekoei. “Ez zaudete bakarrik. Haren heriotza indarkeria matxistaren testuinguruan kokatzen da, eta beraz, gertakari honek indarkeria matxistak emakumeon* bizitzetan eta ongizatean dituen ondorioez hausnartzera behartzen gaitu, baita indarkeria horren adierazpenak eta ondorioak aztertzeko beharra ere”.
Atzokoan feministek azpimarratu zutenez, sistema zisheteropatriarkal, kapitalista arrazista eta kolonialak emakumeen bizitzak baldintzatzen ditu, “gure gorputzen eta erabakien gaineko kontrola ezarriz”. Hori horrela, zioten egiturazko indarkeria horrekin amaitzea urgentea dela: “Egunero zapaltzen gaituen sistema krudel hau irauli behar dugu”.
Doneztebe plazatik, era berean, zenbait medioengan jarri zuten begirada, eta “gogor” salatu hedabide batzuk gertakari horren inguruan hartzen ari diren jarrera; “emakumeen aurkako indarkeria arrazakeria eta diskurtso xenofoboak zabaltzeko baliatzen ari dira”. Hori horrela, argi dute ezin dela emakumeen mina eta sufrimendua gorrotoa hauspotzeko erabili: “Hedabideei exijitzen diegu erantzukizunez joka dezatela, indarkeria matxistaren larritasuna erdigunean jar dezatela eta arrazakeria normalizatzeari utz diezaiotela”.
Justizia feminista exijitzen dute
Erakunde publikoak ere aipatu zituzten elkarretaratzean, eta horiei exijitu zieten diskurtso hutsak eta keinu sinbolikoak alde batera uzteko. “Benetako baliabideak jar ditzatela emakumeen babeserako. Sistema honek ez gaituela babesten erakusten du behin eta berriz. Instituzioek ardura zuzena dute prebentzioan eta arreta integraleko baliabide publikoen gabezian. Ez da nahikoa indarkeria gaitzestea: baliabideak, arreta eta benetako konpromiso politikoa behar dira”.
Gizonentzat ere, mezua: “Hartu zuen ardura! Indarkeria matxista ez da emakumeon arazoa, gizonek sortzen eta elikatzen duzuen egiturazko arazoa baizik. Zuen isiltasuna konplizitatea da. Interpelazio zuzena egiten dizuegu: apurtu itun patriarkalak, utzi gure bizitzak kontrolatzeari eta hasi zuen pribilegioak eta indarkeria mekanismoak deseraikitzen. Erantzukizuna zuen gain dago”.
Aipatutakoaz gain, Feministen Asanbladak jakinarazi zuen Euskal Herriko Emakumeon* Mundu Martxak erailketa matxisten aurkako protokoloa aktibatu duela gertakaria ikuspegi feministatik kokatu eta horren aurrean erantzun kolektiboa antolatzeko. “Emakume gazte honen heriotzak indarkeria matxistaren errealitateaz eta emakumeon* bizitzetan dituen ondorioez hausnartzera eta erantzun feminista artikulatzera garamatza”, zioten.
Azken mezua, honakoa: “Feministok autodefentsan jarraituko dugu. Gure artean aliantzak eraikitzen, elkar zaintzen eta biolentziari aurre egiteko gaitasun kolektibo eta politikoa garatzen. Gure bizitzak defendatzeko prest gaude, elkarrekin eta tinko”.
