'Etxebizitza eskubidea bermatzeko, espekulazioari ez!' lelopean, kalera
Azaroaren 11n etxebizitza eskubidea aldarrikatzeko greba orokorra deitu du euskal gehiengo sindikalak; gaur aurkezpen agerraldia egin dute Bilbon.
Etxebizitza eskubidea aldarrikatzeko eguna izango da azaroaren 11a, greba eguna. Gaur goizean, euskal gehiengo sindikalak eta etxebizitza sindikatuak Bilboko Arriaga plazan elkartu dira eguneko mobilizazioen berri emateko. ELA, LAB, ESK, STEILAS, Etxalde, Etxebizitzen Sindikatua Sozialista, HIRU eta Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sarea sindikatuek mobilizazio bateratuak deitu dituzte. “Etxebizitza eskubidea bermatu dadin eta espekulazioari ezetz esateko” kaleak aterako dira, Hego Euskal Herriko hiriburuetan, herrietan eta auzoetan. Egoera “jasanezina” dela adierazi dute, eta kaleak hartzeko eta erroko eraldaketak bultzatzeko unea dela azaldu dute.
Martxoaren 17koa, 1.500 euroko gutxieneko soldata propioa aldarrikatzeko greba eguna izan zen. Zortzi hilabete geroago, sindikatuek berriro ere kaleak hartzeko deia egin dute, Etxebizitza eskubidea bermatzeko, espekulazioari ez lelopean. “Etxebizitza langileria pobretzeko eta berau zeharkatzen duten arrakala matxista eta arrazistak sakontzeko arrazoi nagusietako bat bihurtu da, eta baita euskal langileriaren kezka nagusi ere”. Era berean, etxebizitza eskubideak publikoa izan behar dela adierazi dute enegarrenez, osasungintza eta hezkuntza diren bezala.
Azken urteetan, etxebizitza negozio bihurtu dela salatu dute. “Zehazki, espekulazioa eta errentismoa jarri nahi ditugu jomugan. Putre funtsen negozioaren ondorioz, etxebizitza eskuratzea ezinezkoa da gero eta herritar gehiagorentzat, baina baita eraikuntza enpresek, banketxeek edota errentistek etxebizitza langileen kontura aberasten jarraitzeko darabiltelako ere. Etxebizitza arazoa ez da eskaintza eta eskariaren arteko desoreka; etxebizitzaren arazoa da oinarrizko behar bat merkatu espekulatzaile eta errentistaren zerbitzura dagoela”. Bide beretik, eskubidea eta negozioa bateraezinak direla gogorarazi dute.
Denentzako kalitatezko etxebizitza bermatzea posible dela argitu dute. Horretarako, honako hiru transformazio hauek bultzatu behar direla azaldu dute gaur sindikatuek egin dituzten agerraldietan, espekulazioekin eta errentsimoarekin amaitzeko:
- Espekulatzaileen espropiazioa.
- Jardun espekulatiboaren debekua.
- Etxebizitzen eta bitartekoen antolaketa justua, langileriaren beharren araberakoa.
Agerraldian, alderdi politikoak seinalatu dituzte, “gaur-gaurkoz ez dago halako neurririk onartu duen gobernurik”. Langileriaren berehalako itoaldia arinduko luketen neurriak honako hauek dira, Bilbon eta Iruñean egindako agerraldietan esan dutenez: etxegabetze guztien etetea eta etxebizitzaren prezioen jaitsiera. Alderdi politikoez gain, patronalak ere gogoan izan dituzte: Confebask eta CEN. “Batetik, patronalek langileon prekarizazioa betikotzen jarraitzen dute, eta uko egiten diote hemengo errealitatera egokitutako gutxieneko soldata propioa ezartzeari. Bestetik, higiezinen patronalak langileon bizitzen kontura aberasten jarraitzen du. Eta azkenik, ardura instituzional guztiak seinalatu behar ditugu”, kontatu dute.
“Euskal langileriak badaki eskubideak antolatuta eta borrokan irabazten direla”. Horregatik guztiagatik, herritarrei dei egin diete mobilizazio orokorrekin bat egiteko. 12:00etan, Eibarren eta Gasteizen aterako dira; eta Bilbon, Donostian, Iruñean eta Tuteran 12:30ean egingo dituzte mobilizazio orokorrak. Arratsaldeko mobilizazioen gaineko informazioa laster argitaratuko dutela argitu dute. Horiek ziurrenik eskualde burutan izango dira; litekeena da herri guztietan ere mobilizazioak antolatzea.
HITZAk hilak 30eko astekarian tokiko eragileekin batera etxebizitzaren auzia sakon landuko du.
