Elizalderen hurrengo egitekoak: auzolana eta Urkabeko gau martxa
Elizalde Eskolak 'Arnasguneak' proiektuko auzolana egingo du bihar (hilak 24). Gaur martxa, berriz, azaroaren 21ean izango da.
Elizalde Eskolak Arnasguneak proiektuko auzolana egingo du bihar (larunbata, hilak 24) eskolako barrualdea naturalizatzeko. Gainera, naturaren gaia izango da ardatz Urkabeko gau martxan.
09:00etan elkartuko da komunitatea eskolan bertan, eta ikastetxeko espazioak eraldatzea izango da helburu nagusia. Arnasguneak proiektua Gipuzkoako Foru Aldundiak ematen dituen diru laguntzetara aurkeztu zuten, eta eskatutako 23.762,85 euroko aurrekontutik aldundiak 17.584,51 euroko ekarpena egingo du. Aurrekontuaren gainontzeko zatia Oiartzungo Udalak hartuko du bere gain. Alabaina, guraso elkarteak ere egingo du bere ekarpena.
Proiektu horren barruak, besteak beste, honakoak egingo dituzte: zuhaitz berrien landaketa, enbor hilak jartzea, berdegunean hamaka finko zein mugikorrak jartzea, landarez betetako txokoak sortzea, edota egurrezko eta altzairuzko hesiak jartzea jolas aktibokok eremuak eta lasai egoteko guneak bereizteko.
Urkabeko gau martxa, azaroaren 21ean
Aipatutako eskolarentzat mugimendua, harremanak eta ingurune naturalarekin kontaktuan egotea “hezkuntza integralaren oinarrizko zutabeak” dira, eta hortik dator gau martxa, “ingurumena modu aktibo, ludiko eta komunitarioan bizitzeko”.
Parte hartzaileak 19:00etan abiatuko dira herriko plazatik Urkabeko gurutzeraino. Bideak lau kilometro inguruko distantzia du, eta hara iristean txokolate beroa hartzeko aukera izango dute.
Nahi duen oro gonbidatu dute ibilaldira, baina ohartarazi dute ibilaldia ilunpetan izango denez, linternak edota frontalak eraman behar direla. Hots, mendiko arropa eta oinetako egokiak erabiltzearen garrantzia ere azpimarratu dute.
Azaroaren 21ean izango da irteera, eta 19:00etan elkartuko dira plazan.
