Ikasturtean zehar 50/50 proiektuarekin ikasitakoa, argitara
Ikasleen artean ohitura jasangarriak erakustea eta sustatzea da programaren helburua. Oarsoaldeko ikastetxeetako ikasleek ikasitakoa azaldu dute ekitaldi batean.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamenduaren 50/50 proiektuaren helburua lehen eta bigarren hezkuntzako ikasleen artean energia eta uraren erabilera arduratsua irakatsi, eta ohitura jasangarriak sustatzea da, hala nola argiak behar ez direnean itzaltzea, berogailua arduraz erabiltzea edota ura alferrik ez gastatzea.
Oarsoaldeko ikastetxeek urteak daramatzate proiektuarekin indarrean. Urtean zehar praktika jasangarriak barneratu eta jasangarritasunaren inguruan hausnartu ostean, amaieran ekitaldi batean aurkezten dituzte, eta halaxe egin dute gaur goizean, ostirala urriak 23.
Karmengo Ama Ikastetxea, Elizalde Herri Eskola, Lezo Herri Eskola, Cristobal Gamon Ikastetxea eta Bizarain Ikastolako ikasleek beraiek azaldu dituzte urtean zehar ikasitakoak. Adibidez, dutxen iraupenak laburtzea, ahal den guztietan eguzkiaren argi naturala baliatzea eta gelak aireztatzea.
Ekitaldian erakunde ezberdinetako ordezkariak bertaratu dira: Pasaiako Udaletik Teo Alberro alkatea eta Ingurumen zinegotzi Iraitz Pazos; Errenteriako Udaletik Naroa Zabala eta Yolanda Martin zinegotziak; Oarsoaldea Garapen Agentziako Hiri Berriztapen, Mugikortasun eta Energia Saileko zuzendari Gloria Vazquez; Oarsoaldeako jasangarritasun-teknikariak eta 50/50 proiektuaren dinamizatzaile Xabier Sesma; eta Arazi ingurumen-aholkularitzako ordezkariak Nerea Ibáñez. Proiektuan parte hartu duten ikastetxeetako arduradunak ere bertan izan dira.
