"Ipuin batek erakarri egin behar du hura erakargarri egiteko"
Urteak daramatza Lur Korta Redin aktore eta ipuin kontalariak oholtza gainean. Aktore lanetan aritua da, eta ipuin kontaketak egiten dituenean ere ez dio antzezteari uzten.
Lur Korta Redin, Oiartzungo Manuel Lekuona Biblioketa atzean duela. Imanol Saiz Gomez de Segura Ez dira asko izango Lur Korta Redin aktore eta ipuin kontalari oiartzuarrak bezainbeste txoko pasa dituztenak. Ez behintzat kontuak eta istorioak pasioz kontatzen dituztenak. Arte dramatikoa ikasten hasi, eta ia kasualitatez egin zuen topo ipuin kontalaritzarekin. Dagoeneko 25 urte egin ditu ofizio horretan.
Ibilbide luzea duzu eginda gaurdaino ipuin kontalaritzan. Nola murgildu zinen bertan?
Egia esan, kasualitatez izan zen. Hemen [Oiartzunen] ikastolako ikasketak bukatuta institutura joan nintzen, eta han nenbilela argi nuen arte dramatikoa ikasi nahi nuela. Antzerkiarekin zerikusia zuen zerbait egin behar nuela banekien, eta Nafarroako Antzerki Eskolara joan nintzen ikastera.
Arte dramatikoa, interpretazioa ikasi nuen, eta graduaren bigarren mailan ahotsa lantzen den ikasgai bat zegoen. Ikasgai horretako praktikak egiteko ipuin bat kontatu behar genuen.
Horixe lantzen ari nintzela, liburutegira etorri nintzen, eta Ana eta Enrike liburuzainek esan zidaten ipuin saio bat zegoela, baina zerbait gertatu zela, ipuinak kontatu behar zituena haurdun zegoela eta ezin zela etorri, eta esan ziaten ea nik egingo ote nukeen.
Eta ordutik, 25 urte.
Bai. Hasieran antzerkiaren arloa lantzen hasi nintzen; ez dut esango ipuin kontaketen arloa ez zitzaidanik gustatzen, baina ez nintzen horren bila hasi.
Oiartzunen hasi nintzen saio batzuk egiten, eta gero ahoz aho joan zen zabaltzen nire jarduna. Hara eta hona hasi nintzen, eta konturatu nintzen aukera zegoela horretatik bizitzeko. Dagoeneko 25 urte egin ditut ipuin kontalaritzan, eta Euskal Herriko txoko gehienetan egon naiz. Oso pozik nago.
Antzerkiaren munduan, antzerki talde bat ez baduzu sortzen, nahiko zaila da antzerki taldeetan sartzea. Tira, behintzat ez dago aukera aktore guztientzat.

Oroitzen duzu ipuin kontalaritzako lehen saio hura?
Horripilantea [barrez] izan zen. Gure irakasleak hitza eta hitzaren espresioa lantzen zituen, eta kontuan izan behar da ni Nafarroako Antzerki Eskolara joan baino lehen nire bizitza guztia euskara zela, eta hara joan nintzenean dena gaztelania bihurtu zela.
Ikastaroak eman izan ditudanean esaten dut ipuin batek erakarri egin behar zaituela, erakarpen horretatik landu eta gero berau kontatu. Lehen aldi hura ez zen izan kontaketa bat; antzerkirako bezala testua buruz ikasi nuen, eta dena bota nuen.
Orain ez dut kontatzen ipuin bat berdin-berdin bi alditan; alegia, ez dakit buruz ipuina hitzez hitz. Orduko hartan, baina, hitzez hitz eta gaztelaniaz egin nuen. Oso gaztea nintzen, eta nire lehenengo esperientzietakoa izan zen. El principe feliz ipuina zen, eta oso zaila egin zitzaidan. Ez nuen gozatu.
Saiatu izan naiz lankideen ipuin bat kontatzen, probatzeagatik, eta haiek erakartzen dituen ipuin bat izanda, baina ni erakartzen ez nauenez, ez dut erakargarri egin.
Zer eman zizun hasiera horietan ipuin kontalaritzak bide horri heltzeko?
Erakarri zidana eta ematen didana da antzeztu egiten dudala ipuina. Kontalarien artean egiten dutena egiteko era desberdinak daude; badago jendea ipuina eserita kontatzen duena, eta nik antzeztu egiten dut.
Finean, nire mundua antzerkia da, eta antzeztu egiten dut. Puntualki irakur dezaket zerbait, bai. Baina kontalaritzari gustua hartu nion konturatu nintzenean antzerkia ere balia nezakeela.
Ipuinak batez ere haurrei kontatzen dizkiezu.
Tira, helduei ere kontatu izan dizkiet, baina haurrekin gusturago aritzen naiz. Haur eskoletan 0-2 tartekoekin ere aritu izan naiz, baita 2-3 tartekoekin ere, baina normalean 4-8 urte artekoekin aritzen naiz, eta hori da nire talde gustukoena, 4-8 adin tartea, gurasorik gabekoa.
Haurren saioetan gurasoak ere egoten dira, eta horietan batzuk sartu-irtenean aritzen dira. Gazteekin ere kontrastea egon daiteke hizkuntzaren aldetik, eta helduen kasuan isilik egoten dira, haurrak ez bezala [barrez].
Zer behar du ipuin batek haurrak bete-betean murgiltzeko?
Beraien parte hartzea bilatzea eta eurekin konplizitatea sortzea. Eurak parte hartzaile bihurtzeak funtzionatzen dit niri behintzat.
Kontatzen dituzun ipuinak sorkuntza propiokoak izaten al dira?
Gutxi sortzen dut, egia esan. Errepertorio luzea daukat, eta egunaren arabera aukeratzen dut zein ipuin kontatu, baina funtzionatzen dutenak beti berberak dira: Periko untxia; Txorien kolorea; Kokoriko; Kristina printzesa; Osaba otso…
Orain, esaterako, Gau Beltza dator, eta badira urte batzuk elkarte batzuek gaiarekin lotutako ipuinak eskatzen dizkidatela, baina orokorrean horrelako enkarguak ez zaizkit gehiegi gustatzen.
Nik inprobisatu egiten dut, eta agian buruan planteamendu bat eginda joaten naiz saio batera, baina gero taldea ikustean aldatzea erabakitzen dut.
25 urte hauetan sumatu al duzu aldaketarik?
Bai, handia. Nabaritzen dudana da gizartean ez daukagula arreta mantentzeko gaitasun bera. Lehen ordubete edota ordu eta hamarreko ipuinak ere kontatu izan ditut, eta orain hogeita hamabost minututan ja asmakizunak eta antzerako elementuak sartu behar dira.
Hala ere, nabarmendu nahi dut esan dudala ez dugula arreta mantentzeko gaitasun berbera, helduetan ere nabaritzen delako. Ipuin kontaketa saio batean guraso bat sartzen bada, ziur mugikor bat agertzen dela. Ez daukagu gaitasunik ordu erdiz pertsona bati begira egoteko sakelakoa atera gabe.
Haurretan ere ikusten da hori, guraso askok euren haurrak aspertzen ari direla ikusten dutenean mugikorra ematen diete eta.
Ipuin kontaketek irakurzaletasuna sustatzen al dute?
Bai, inolako zalantzarik gabe. Kontutan hartu haurrak askotan liburutegi batera joaten direla saio bat entzutera, eta gero askotan liburu bat hartzen dutela. Gainera, ipuin kontaketen helburu nagusia hori da, irakurzaletasuna sustatzea eta entzuleak euskal literaturara gerturatzea.
Urtea bete du Oiartzungo Ikusle Klubak. Nola sortu zen?
EHAZE elkarteak Lezon eta Euskal Herriko beste txokoren batean egiten zuen jarduera bat da, eta udalean diru laguntzak dauden horretan, Antzerkizale elkartearekin jarri ziren harremanetan. Luix [Mitxelena] eta biok prest ginela esan genien. Bion artean egiten dugu, eta agendaren arabera elkarrekin edota batak zein besteak egiten du saioa. Oso interesgarria izaten ari da, baina egia da oraindik eskua hartzen ari garela ikusiz zerk funtzionatzen duen eta zerk ez.

Nola funtzionatzen du?
Hasieran lan bat ikusten genuen eta egun batzuetara elkartzen ginen berriz hausnartzeko, baina ez genuen jendea erakarri. Antzerki eskolan sentitzen nuen denbora bat behar nuela ikusitakoa prozesatzeko, eta gaur egun ere ondo etortzen zait, baina hemen konturatu ginen ez zuela funtzionatzen. Beraz, gu lanaren inguruan dokumentatzen saiatzen gara aldez aurretik, eta lana bukatzen denean galdera batzuk proposatzen ditugu. Aktoreekin eta zuzendariekin hartu-eman bat izatea da helburua.
Saio horien parte izateko izena eman behar al da?
Ez. Emanaldia hasi baino lehen jakinarazten diegu bertaratu direnei Ikusle Kluba egingo dugula, eta inork geratu nahi badu gonbita egiten dugu.
Eta aurrera begira egitasmo horrekin jarraitzeko asmorik al duzue?
Printzipioz bai; oraingoz Gabonak arte bai, behintzat. Diru laguntzaren arabera funtzionatzen du honek, hortaz, hurrengo ikasturteko diru laguntzak onartzen badira, bai.
Oiartzunen jende asko mugitzen du antzerkiak.
Asko, bai. Niri behintzat atentzioa deitzen dit. Ikastolan nenbilenean Oreretara joaten nintzen hemen ez zegoelako aukerarik, eta gaur egun eskolan eta ikastolan aukera egoteaz gain, gazteak Orgasmorekin [Oiartzungo Gazte Sortzaileak] ere aritzen dira, eta helduak ere bai. Oiartzunen antzerkia dago, eta bizirik dago. Aldaketa handia egon da.
Asier Legorburu zinegotzi zenean antzerkilari batzuk konbokatu gintuen eta lanketa handi bat egin zen, eta fruitua eman du horrek. Nahi zena lortu da, eta pozgarria da.
Gaur egun Orgasmon dauden askok antzerkia egiten zuten eskolan txikitatik, eta nolabait ikasita zuten zerbait. Oraindik ere bada kanpora joaten den jendea, baina gaur egun aukera asko dago herrian antzerkia egiteko.
Antzerkia egiteko aukera badago, baina ikusteko ere bai.
Hori da. Guk, adibidez, Antzerki Eskolatik ikasturte amaierako emanaldietara ikastetxe guztiak gonbidatzen ditugu ikusteko zer egiten dugun, eta oso presente izaten dute. Nire garaian, agian Lehen Hezkuntza osoan behin edo bitan joaten ginen obra bat ikustera, baina orain oso presente dago. Ohiko bihurtu da, eta hori oso positiboa da.
Zein testuingurutan sortzen da Oiartzungo Antzerkizale Elkartea?
2010aren bueltan sortu zen. Udaletik deitu gintuzten, eta programazio bat osatzen hasi ginen. Historikoki Madalensorora eta Elorsoro kiroldegira bi obra potente ekartzen ziren, eta erabaki genuen aurrekontu berarekin talde amateurrak eta beste batzuk ekartzea.
Horrekin batera ikastetxeetan lanketa bat egiten hasteko eskatu ziguten. Martxan jarri nuen hori, baina orain lankide mordoa gara. Are, ikasle izan zirenetako batzuk irakasle modura ari dira nirekin.
Txinalka helduen taldeak zein ibilbide dauka?
Duela urte asko hasi zen haren ibilbidea HELTAren bitartez. Hiru zuzendari egon dira: Edurne Agirrezabala, Tessa Andonegi eta ni neu. Hamabost bat urte izango dira taldea sortu zela.
Nolako etorkizuna ikusten diezu ipuin kontalaritzari eta antzerkigintzari?
Ona. Ni hasi nintzenean ikastolan talde bat zegoen, beste talde bat eskolan, eta gazteen taldea zein helduena sortzeke zeuden, eta begira orain. Ikastolan zortzi talde ditugu, eskolan beste hori, gazteen lau talde daude, bat helduena… Aukera handia dago. Eta kontalaritzan ere berdin. Kultur Etxeak zentzu onean kutsatu egin dira bata bestearengandik, eta saio asko egiten dira. Gehiago gara, baina gehiago egiten da.
