Kirol Astearen aitzakian, hamasei jarduera
Ander Garaiar Pikabeari emango diote Kirol Saria hilaren 30ean, eta HITZAk harekin izandako elkarrizketa argitaratuko du egun horretan bertan.
Martxan da beste urte batez Oiartzungo Kirol Astea. Herriko zenbait eragilek eta udalak elkarlanean antolatu dute egitasmoa, eta hilaren 31ra bitartean izango dira jarduerak.
Orotara hamasei hitzordu prestatu dituzte, eta nabarmendu dute helburu nagusia bizitza osasuntsurako jarduera fisikoak duen garrantziaz jabetzea dela. “Elikadura egokiak eta aisiak horretan guztian duten inportantzia ere azpimarratuko da”, diote.
Era berean, antolatzaileek aurreratu dute tarte berezia eskainiko zaiela adinekoei, herritarren zahartzaro aktiboa eta osasuntsua sustatu nahi baitituzte.
Aurtengoan bizikleta zaleak pozik egoteko moduan dira, hilaren 26tik 29ra bitartean mekanika tailerrak egingo baitituzte. Estatu Batuetan, familia bat bizikletaz izenpean hitzaldia ere izango da Landetxen hilaren 27an, eta hilaren 31n, berriz, Atamitx bizikleta parkean erakustaldiak egingo dituzte.
Egitarauko hitzordu nabarmenduetako bat Kirol Sariaren banaketa izango da. Hilaren 30ean izango da ekitaldia, eta Ander Garaiar Pikabea sarituko dute –hilaren 30eko Oarso Bidasoko Hitzaren astekarian Ander Garaiar Pikabearen elkarrizketa argitaratuko dugu–.
Egitaraua
- Hilak 24, larunbata
- Eskola kirolean erritmo saioa, 09:00etatik 12:00etara Elorsoro udal kiroldegian (talde bakoitzari dagokion orduan)
- Pala egokitua, 09:30etik 11:00etara, Kontzejupean
- Futbol egokitua, 11:30etik 13:0etara, Karla Lekuona futbol zelaian.
- Hilak 25, igandea
- Giriziaren 40. urteurreneko mendi irteerak. Luzea(40km) plazatik, 07:00etan. Motza (17,5km) Arritxulotik, 08:00etan. Izena eman behar da aurrez.
- Hilaren 26tik 29ra
- Mekanika tailerrak udako udal igerilekuaren azpialdean, 18:00etatik 20:00etara.
- Hilak 27, asteartea
- Gymkana seniorra Petra Lekuonan, 11:15ean
- Estatu Batuetan, familia bat bizikleta hitzaldia Koldo Zubizarretaren eskutik, 19:00etan, Landetxen.
- Hilak 28, asteazkena
- Toka eta igel lehiaketa Landetxeko bolatokian, 11:00etan
- Gimnasia familian Elorsoro udal kiroldegian, 16:45etik 17:45era
- La Fiera zine emanaldia Landetxen, 19:00etan
- Hilak 29, osteguna
- Zumba saioa Kontzejupean, 10:30ean
- Pioneras zine emanaldia eta mahai ingurua Landetzen, 19:00etan
- Hilak 30, ostirala
- Nordik Walking saioa Doneztebe plazan, 11:00etatik 12:00etara
- Kirol saria Ander Garaiar Pikabea atletari Landetxen, 19:00etan
- Hilak 31, larunbata
- Erakustaldia Atamitx bizikleta parkean, 16:00etan
