Lau musika proiektuk parte hartuko dute Musik(H)abian ekintzailetza programan
Musika Bulegoak Durangoko Udalarekin eta Errenteriako Agustinak Zentroarekin batera sustatutako egitasmoa da, musikako sektoreko proiektuak garatzen laguntzeko.
Ekintzaile programaren lehen saioa.Agustinak Zentroa Musik(H)abian ekintzailetza programaren helburua musika sektorearekin lotutako proiektu profesionalak sustatzea eta indartzea da. Musika Bulegoak sortu du, eta Durangoko Udalaren, Errenteriako Agustinak Zentroaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesa du. Irailean aurkeztu zuten proiektua eta guztira 26 proiektuk eman zuten izena. Orain jakinarazi dituzte lehen edizio honetan parte hartuko duten lau musika proiektuak: LS. 4, Euskal Herriko Beatbox, Hegoa eta MUSIKIDE. Bakoitzak helburu jakin baterako baliatuko du ekintzailetza programa.
LS. 4 Nuria Lopez Garciaren sorkuntza eszeniko irisgarriko proiektua da. Musika garaikidea, zeinu hizkuntza, dantza, bibrazioa eta bideoa nahasten ditu bere emanaldietan.
Boris Leizeak, Orodreth ezizenez ezagunak, berriz, programarekin Euskal Herriko Beatbox Txapelketa indartu nahi du. Txapelketa 2012an abiatu zen eta ordutik zazpi edizio izan ditu. Leizeagak txapelketa zabaltzeko eredu jasangarri bat garatu nahi du, eta horretarako tailerrak, prestakuntzak, erakustaldiak eta bestelako jarduerak eskainiko ditu.
Hegoa proiektua Mikel Acosta Iraundeguik sustatutakoa da, eta Euskal Herriko soinu memoria eta musika ondarea nazioarteari begira zaintzeko eta zabaltzeko proiektua da. Euskal Herriaren eta Londresen artean mugitzen da, diskogintza, soinu pedagogia eta irratiaren esparrua lantzen ditu eta Audiolab artxiboa eta Artelekuren ondarea zaintzen ditu.
Azkenik, MUSIKIDE proiektua Natale Murray Barandikak sortu du, eta musika sektoreko profesionalen arteko lankidetza harremanak ezartzeko eta indartzeko plataforma izan nahi du.
Bakoitzaren beharretara egokitutako prestakuntza saioak
Hamar asteetako programa da Musik(H)abian. Urriaren 14an hasi zen eta datorren abenduaren 16an amaituko da. Aurrez aurreko 40 orduko prestakuntza eta bakoitzaren beharretarako egokitutako 25 orduko gidaritza eskaintzen ditu. Jarduerak Durangon eta Errenterian egingo dira.
Saioetan musika proiektu bat aurrera ateratzeko beharrezkoak diren elementuak landuko dituzte, hala nola produktuaren garapena, marketina, legezko alderdiak eta banaketa. Gainera, proiektu bakoitzak 1.500 euroko diru laguntza jasoko du proiektua garatzeko, eta musika profesionalen topaketetan garatutakoa aurkeztu ahal izango dute.
