Mahai sektorialen hirugarren batzarra antolatu du Oiartzun Burujabek
Bost hitzaldi antolatu dituzte Arizmendienean, urriaren 29tik azaroaren 4ra. Elikadura, energia, zaintza, kultura eta euskara eta kulturartekotasuna landuko dituzte.
Oiartzun Burujabe, izenak dion bezala, herrian bertan proiektuak garatu eta sustatzeko jaio zen, kanpoko interesen menpekotasunetik aldentzeko, bestelako jardueren artean. Horretarako, herritarren, herriko elkarteen eta eragileen eta udalaren arteko elkarlana ahalbidetzeko batzarrak egiten dituzte, eta askotariko gaiak jorratu izan dituzte.
Datorren astean abiatuko da mahai sektorialen hirugarren batzarra. Guztira bost bilera egingo dituzte, bost gai lantzeko, eta bakoitzean gai jakin horretarako 2027rako aurreikusitako ekintza plana eta aurrekontuak aurkeztuko dituzte. Urriaren 29an 18:00etan energiari buruzko batzarra egingo dute, eta 19:00etan elikadurari buruzkoa. Azaroaren 3an 18:00etan zaintza landuko dute, eta 19:00etan, berriz, kultura. Amaitzeko, azaroaren 4an 18:00etan euskara eta kulturartekotasunaz hausnartuko dute. Batzar guztiak Arizmendienean izango dira.
Oiartzun Burujabek batzarretan parte hartzera gonbidatu ditu herritarrak eta herriko eragileak.
