Maila handia Donibanen jokatutako Euskadiko Karate Txapelketan
Iragan larunbatean Euskadiko Karate Txapelketa jokatu zen Larrabiden, kadete, junior eta senior mailetan. Klub parte hartzaileen artean izan zen Pasaiako Kiru-Do, eta bost domina lortu zituzten.
Euskal Karate Federazioak, Pasaiako Udalaren laguntzarekin, Euskadiko kadete, junior eta senior mailetako karate txapelketa antolatu zuen iragan larunbatean Donibaneko Larrabide kiroldegian. Txapelketan Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako kirolariak bildu ziren, kata, kumite eta karate egokituko modalitateetan parte hartzeko. Sustatzaileek adierazi dute parte hartzaileen maila teknikoa primerakoa izan zela, eta lehiakortasuna eta kiroltasuna nagusitu zirela.
Udalak jakinarazi du alderdi nabarmenetako bat gizonen eta emakumeen parte hartzearen oreka izan zela: %51,7 gizonak izan ziren, eta %48,3 emakumeak. Datu horiek emakumeen karatea gero eta handiagoa eta sendoagoa dela adierazten dute.
Dominei dagokienez, Arabara urrezko 19, zilarrezko 7 eta brontzezko 14 joan ziren. Bizkaitarrek 12 urre, 19 zilar eta 27 brontze lortu zituzten. Gipuzkoan aldiz, seina urre, zilar eta brontze gelditu ziren. Araba izan zen urrezko domina gehien lortu zituen probintzia, baina Bizkaiak lortu zituen domina gehien.
Klub parte hartzaileen artean Pasaiako Kiru-Do taldea izan zen. Klub pasaitarra 14 kirolarirekin aritu zen Euskadiko Txapelketan, eta emaitza bikainak lortu zituzten, bost domina zintzilikatu baitzituzten: Ainara Royo kadeteak urrea katan; Arane Jauregi juniorrak urrea katan; Monika Camarero seniorrak zilarra 61 kilogramo baina gutxiagoko kumitean; Ana Chavez seniorrak brontzea 68 kilogramo baina gehiagoko kumitean; eta Naiara Enriquez juniorrak brontzea katan.
