Zahartzaroari eta bizikidetzari lotutako aukera berriak Pasaian
Pasaiako Adinekoen Kontseiluaren ekimenez, Bizihabi programa ekarri zuten asteazkenean Donibanera. Adinekoen bizi proiektuak eta etorkizuneko beharrak lantzeko aukerak ezagutarazi zituzten bertan.
Asteazkenean Pasaiako Udalak hitzaldi bat antolatu zuen Donibaneko Juanba Berasategi aretoan. Pasaiako Adinekoen Kontseiluaren ekimenez egin zen topaketa, eta helburua zen zahartzaroari eta bizikidetzari lotutako aukera berriak ezagutaraztea.
Saioan Eusko Jaurlaritzaren Bizihabi programa aurkeztu zuten bertako arduradunek, belaunaldien arteko bizitoki partekatuaren eredua pasaitarrei helarazteko. Aintzane Taberna Pasaiako lehen alkateorde eta Gizarte Ekintzako zinegotziak eta Alfredo Elgezabal Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko komunikazio aholkulariak hasi zuten ekitaldia. Ondoren, Kuvu erakundeko talde teknikoak programaren nondik norakoak azaldu zituen, eta bertaratutakoek zalantzak argitzeko eta ideia berriak partekatzeko aukera izan zuten.
Asteazkeneko saioan, adinekoen bizi proiektuak eta etorkizuneko beharrak lantzeko beste aukera batzuk ezagutarazi nahi izan zituzten sustatzaileek, zahartzaroan zein gaztaroan bizitzeko modu ezberdinen inguruko hausnarketa sustatuz.
Aintzane Tabernak baikor baloratu du egitasmoa, eta nabarmendu du garrantzitsua dela adinekoen errealitateak eta beharrak entzutea, baita horiei erantzuteko aukera berriak aztertzea ere: “Adinekoen Kontseilua bezalako parte hartze guneek aukera ematen digute herritarren kezka eta beharrak zuzenean ezagutzeko, eta baita horiei erantzuteko ere. Gaurkoa horren adibide da, eta bide honetan jarraituko dugu, 65 urtetik gorakoen ahotsa entzuten eta eskaerei erantzuten”.
