"Omenaldi bat egin nahi nion amari; oroitua izan zedin nahi nuen"
Bularreko minbiziarekin hil zen Elviraren ama, eta omenaldi bat egiteaz gain, Iñurri elkartearentzat diru bilketa egin du 24 orduz ilea mozten arituta Iturriotzen duen Elvira Barbershop-en.
Unai Elvira Legorburu, Elivira Barbershop-en. Imanol Saiz Gomez de Segura Unai Elvira Legorbururen bizitza hankaz gora jarri da bat batean. Bularreko Minbiziaren Munduko Eguna hilaren 19an izan zela aitzakia izanda, eta haren amari omenaldi bat egite aldera, diru bilketa egin zuen aurreko astean Iturriotzeko Elvira Barbershop-en. Hogeita lau orduz aritu zen haren txokoan ilea mozten jo eta su, eta orotara 7.000 euro baino gehiago bildu ditu. Iñurri elkartera bideratu ditu irabaziak.
Lehenik eta behin, nor da Unai Elvira?
Hemeretzi urte dituen iturrioztar bat da. Hiru urte daramatzat pelukeriarekin, hamasei urterekin hasi bainintzen honetan.
Nola sartu zinen mundu honetan?
DBHko [Derrigorrezko Bigarren Maila] laugarren maila egiten ari nintzela goizez klaseetara joaten nintzen, eta hiru urte hauetan ikasketak zein ile mozketak aldi berean egiten aritu naiz.
Nola egin zenuen topo, baina, ile-apaingintzarekin?
Egia esan ez nuen pentsatuta pelukeria batean amaitzea, beste ikasketa batzuk egitea nuen buruan.
Une batetik bestera izan zen dena. Etxean zein material nuen kuxkuxeatzen hasi nintzen, etxeko makinarekin patillak konpontzen eta bizarra kentzen hasi nintzen… Nire buruarekin probatzen hasi nintzen, eta gero lagun batek hari mozteko eskatu zidan. Hor hasi zen dena; ilea moztuta lagunengana joan ginen, eta ondo egin niola esan zidaten, eta makina batzuk erostera animatu ninduten.
Egun horretan ideia horri bueltak ematen hasi nintzen, eta hurrengo goizean motoarekin Alcampora, Carrefourrera… denda handi guztietara joan nintzen ikustera zein makina zituzten ero baten moduan.
Lotsa kentzen joatea izan zen hurrengo pausua; lagunei ilea mozten hasi nintzen eta orain hemen nago.
Oiartzun nahiko herri txikia da. Nolakoa da bertan lan egitea?
Oso gustura nago. Oiartzunen hutsune bat zegoen barberiaren munduan. Ez zegon bizarginik, eta beti pelukerira etortzen nintzen txikia nintzenean. Azken boladan baina ilea moztu behar banuen herritik ateratzen nintzen, eta nire barberia sortzea erabaki nuen.
Internetari esker edukia oso azkar biralizatzen da. Etorri da zugana sareen bidez ezagutu zaituen jenderik?
Zalantzarik gabe. Iturriotz ez da jende asko ibiltzen den auzo bat, baina hemen bertan muntatu nuen pelukeria, eta sare sozialen bidez publizitatzen eta lotsa kentzen hasi nintzen.
Lehen mozketak dohainik egiten nituela jartzen nuen, eta gaizki moztutako mozketen argazkiak zintzilikatzen nituen. Denborarekin lotsa kendu nuen, eta jendea ni ezagutzen hasi zen Instagram bidez [@eelvirabarber]. Sare sozialei esker ez balitz, ez dut uste gaur hemen egongo nintzatekeenik.
Askotan aipatzen da gaur egungo gazteek ilea berdin mozten dutela. Zuk nabaritu duzu hori lanean?
Alde batetik bai. Azken boladan ile luzea eramaten da goiko aldetik, tik toker flekilloa deitzen dena jarri zen modan, baita flekillo tobogan delakoa ere. Termino horiek duela pare bat urtekoak dira, orain inork ez du horrela esaten, baina jende gehienak ile goraka eramaten duen arren, bakoitzak bere estiloa dauka.
Ile apaintzaile on batek zein ezaugarri izan behar ditu?
Gauza asko izan behar dira kontutan, ez baita soilik ilea moztea. Barberia batean ilea ondo mozten badute baina komunikatzaile moduan oso adituak ez badira bezeroekin, edota ez bazara puntuala… Horrelako detaileek diferentzia markatzen dute.
Bezeroekin gertutasuna izatea oso garrantzitsua da, konfiantza transmititzea funtsezkoa da. Hala ere, noski, ilea ondo moztu behar da.
Iragan larunbatean 24 orduz ilea mozten aritu zinen gelditu gabe, erronka modura.
Lehen goizez ikasi eta arratsaldez lan egiten nuen, eta azken urtean ez nuen ikasten jarraitu nahi. Irailean nire denbora guztia barberiari dedikatzen hasi nintzen, eta sare sozialetara bideo mordoa igotzen hasi nintzen.
Gaztea eta autonomoa izanik ile apaintzailea izatea nolakoa zen ardatz izanda, bideoak egiten nituen egunero, eta emaitzak izan zituen.
Duela bi urte Bataplanen ekintza solidario bat egin genuen prostatako minbizia duten pertsonei laguntzeko, eta arratsaldez egin genituen mozketetan bildutako dirua donatu egin genuen.
Hala ere, oraingoan bularreko minbizia izan duzu ardatz.
Hori da, atzetik beste istorio bat daukat. Hamabi urte nituela nire ama bularreko minbiziagatik hil zen, eta orain ikusgarritasun minimo bat nuela ikusita eta horrelako zerbait egiteko aukera nuela ikusita, ilea mozten ari nintzen batean otu zitzaidan 24 orduko erronka bat egitea.
Ilea mozten ari nintzaion bezeroari kontatu nion okurritu zitzaidana, eta baietz, egitea posible zela esan zidan. Handik eta hemendik informazioa bilatzen hasi, eta familiari zein lagunei galdetu nien ea gaueko orduak egiteko prest agertzen ziren. Zuzenean, hurrengo egunean bideoa prestatu eta sareetara igo nuen. Hilaren 17an egin nuen erronka kontuan izanda Bularreko Minbiziaren Mundu Eguna hilaren 19a dela.

Zenbat bezero izan zenituen egun horretan?
38 bezero izan nituen. Nire errekorra hogei bezero zen ordura arte, abenduaren 31 batean izan zen. Hala ere, 38 pertsona horiez gain jende mordoa pasa zen ile apaindegitik. Goizeko zortzietan hasi nintzen, eta zortziak laurden gutxiagotan ja pasa zen pertsonaren bat jakinda hemen nengoela botean dirua sartzera. Orotara 286 donazio egin ziren. Larunbatean bertan 120 pertsonaren bueltan pasa ziren botean dirua uztera.
6.000 eurotik gora bildu dituzu.
Hori da. Erronkaren erdi aldean Bizuma blokeatu egin zidaten hilabeteko limitea gainditu nuelako, eta egia esan larritu egin nintzen. Zuzeneko emisioa egin nuen uneoro, eta lagunak eta familiako kideak jarraipena egiten ari zirenez, Inurri elkartekoei deitzeko esan zidaten zer egin genezakeen galdetzeko.
Era berean, zuzenekoa ikusten ari zenetako oiartzuar batek Kutxabanken egiten du lan, eta beste kontu bat sortu zidan bizumak eta transferentziak egiteko. Erokeria bat izan zen, baina lortu genituen goizeko zortzietan nire izenean 6.000 eurotik gora, eta Inurriren kontuan beste 1.000 eta piko euro. Guztira 7.100 eta piko euro bildu genituen.
Espero zenuen horrelakorik?
Ez. Hasiera batean 1.000 edo 2.000 euro lortuko genituela uste nuen. Hasieran 24 ordu horietan soilik biltzea dirua zen asmoa, baina jendea lekurik gabe geratu zen, eta pasada bat izan da.
Eguna bera berezia izan zen. Dirua uzteaz gain, jendea etortzen zen galdetzera ea zenbait behar nuen jateko edo edateko, eta gogoratzen dut une batean nituela bost lagun ile apaindegian bertan, kanpora begiratu eta beste zazpi pertsona zeudela ilara egiten.
Kazetariak ere izan ziren bertan, eta batzuk kanpoan egiten zuten ilara lotsa ematen zielako telebistan agertzea [barrez]. Inoiz ez da horrenbeste jende egon pelukerian.
Kontzientzia piztea ere bazen asmoa?
Hirutan banatuko nuke egitekoa. Omenaldi bat egin nahi nion amari, zazpi urteren ondoren gogoratua izan zedin nahi nuen. Sare sozialak ere piztu nahi nituen indar pixka bat lortzeko, eta azkenik, noski, kontzientzia sortzea.
Bide batez, Herkudeni eskerrak eman nahi nizkioke. Bertako ile apaintzailea da, eta nire amaren oso lagun mina izateaz gain, nire lagun baten ama da. Hasieratik eman zidan aukera berean txoko bat egiteko, eta hiru urte hauetan asko lagundu dit. Berak ez bazidan aukera hori emango, ez nintzateke hemen egongo.
Zurekin harremanetan jartzeko, zer gin behar da?
11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara egiten dut lan, eta asteartetik larunbatera. Hitzordua hartzeko sare sozialetan dagoen esteka baliatu behar da.
