Gau Beltzarena izango da Oiartzungo larunbata
Aurreko prestaketa lan sakonaren ondoren, dena prest dute Oiartzunen larunbateko Gau Beltzerako. 19:30ean abiatuko da, plazan, ibilbidea.
Oiartzungo Gau Beltzaren artxiboko irudia. 2014. urtean hasi ziren, Abaraxka Udal Ludotekaren ekimenez, Oiartzungo Gau Beltzaren gaineko jarduerak. Aurten ere hala izango da, Abaraxkak berak, Oiartzungo Antzerkizaleen Elkarteak eta Oiartzungo Udalak elkarlanean larunbaterako Gau Beltza antolatu dutelako. Aurrez, ordea, ederki asko girotu dute jada herrian datari lotutako ipuin saioak, apaingarri tailerrak, solasaldiak eta bestelakoak egin direlako. Arras errotu da jaia herrian.
Hilaren 31n (larunbata) izango da Gau Beltza. Aurretik, ordea, azken jarduera bat antolatu du Abaraxkak ostiralerako (hilaren 30erako): 17:00etan hasita, ludotekaren egoitzan bertan, kalabazak husten izango dira larunbaterako den-dena prest egon dadin. Nola ez, aurrez ere beste prestaketa lan bat egin behar dute larunbateko segizioan parte hartuko dutenek: trapu edo arropa zaharrak bila ditzatela, larunbatean horiekin janzteko.
Larunbateko jarduerak 19:30ean hasiko dira. Done Eztebe plazan hasiko da Gau Beltzaren ospakizuna, eta handik abiatuta herritik ibilbidea egingo dute: sua, izuak, dantzak, koplak, oihuak eta sustoak bezalakoak izango dira nagusi. Plazan bertan bukatuko du bidea segizioak.
Errespetua
Iazko Gau Beltzean bereziki —aurreko urteetan ere, baina maila txikiagoan— errespetu falta jokabideak, hitz itsusiak eta bultzadak jaso zituzten segizioan izan ziren Oiartzungo Antzerkizaleen Taldeko kideek, haurren taldekoek zehazki. Arrautzak ere bota zizkieten. Hala, iazkoa errepika ez dadin eskatu dute aktore gazteek, errespetu falta horiek tokirik ez dutela esan dute. “Ez badakizue ongi, errespetuz eta gurekiko jarrera onarekin jokatzen, ez etorri!”, esan dute egindako bideoan (behean ikus daiteke) antzerkizale gazteek.
