Etxebizitza tasatuen urteko hirugarren zozketa egin dute
Arraguako bigarren eskuko etxebizitza bat zozkatu dute Oiartzunen, eta itxarote zerrendaren hurrenkera ere ezarri dute.
Asteon egin dute Landetxen Arraguako bigarren eskuko etxebizitza tasatu bat esleitzeko zozketa, eta itxarote zerrendaren hurrenkera ere ezarri dutela jakinarazi dute Oiartzungo Udaletik.
Era berean, gehitu dute urteko hirugarren zozketa horretan parte hartu dutenek zozketaren emaitza ikusteko aukera dutela SMS bidez jasotako kodearen bitartez, nahiz eta etxebizitza egokitu zaionak udalaren jakinarazpena jasoko duen.
Irabazleak etxebizitza tasatua eskuratzeko baldintza guztiak betetzen dituela ziurtatu beharko du; alegia, Oiartzunen erroldatuta egon eta etxe premia duela ziurtatzeaz gain, diru sarreren muga ez duela gainditzen justifikatu beharko du. Ezaugarri guztiak betetzen dituela ziurtatutakoan 20 eguneko epean beharrezkoa den dokumentazioa eskatuko dio esleipendunari udalak. Epe horretan esleipendunak etxebizitzari uko egingo balio edota agiriak aurkeztuko ez balitu, itxarote zerrendako lehenengoari eskatuko zaio dokumentazioa.
Etxebizitza bulegoa Oiartzunen
Joana Mendiburu Garaiar alkateak eman zion ekitaldiari hasiera, eta gogoratu etxebizitza bulego ibiltaria martxan dagoela eskualdeko lau herrietan.
Oiartzunen astearteetan egoten da udaletxeko beheko solairuan, eta doako zerbitzuak hitzordua aurrez aurre hartuta funtzionatzen du. Hilaren 13an izan zuen bulegoak lehen eguna Oiartzunen, eta alkateak badu zer esana horren inguruan: “Gaur arte hiru egunez eskaini du zerbitzua eta 15 hitzordu izan ditu. Etxebizitza bat erosteko edo alokatzeko dirulaguntza programei buruz galdegin dute batzuk, jada alokairuan egonik beste etxebizitza baten beharra dutenak ere etorri dira orientazio eske eta udal etxebizitza tasatuei buruzko informazio zehatza eskatu dute beste batzuek. Etxejabe batzuek euren etxebizitzak alokairu sozialean jartzeko informazioa eskatu dute eta hainbat herriko promozio berrien xehetasunak eskatzera joan dira etxebizitza bulegora”.
