Oskarbi taldea, azaroaren 8an Antxon
Pasaiako Solasaldi Musikatuak zikloaren barruan, Oskarbi taldearen 60. urteurrena ospatzeko saio berezia egingo da azaroaren 8an Antxoko San Fermin elizan, 19:00etan.
Bueltan dira Pasaiako Solasaldi Musikatuak, Oskarbi taldearen 60. urteurrena ospatzeko saio berezi batekin. Saioa azaroaren 8an (igandea) izango da, Antxoko San Fermin elizan, 19:00etan. Emanaldian Oskarbiren sei hamarkadako ibilbidea ezagutzeko eta haien kantuez gozatzeko aukera egongo da.
Kontu Kantari, Pasaiako Solasaldi Musikatuak egitasmoak musika eta elkarrizketa uztartzen ditu, eta artisten eta taldeen kantuez gozatzeaz gain, haien ibilbidea, bizipenak eta anekdotak gertutik ezagutzeko aukera ematen du. Aurkezle batek gidatzen du saioa, solasaldia eta zuzeneko musika tartekatuz. Oskarbiren saioa Luisma Laboa kazetariak gidatuko du.
Oskarbi 1966an sortu zen Antxon, 1960ko hamarkadako Euskal Pizkundearen eta euskal kantagintza berriaren testuinguruan. Lau urtez Ez Dok Amairu mugimenduko kide izan zen, eta Luis Romerok zortzi urtez zuzendu zuen taldea, 1968tik 1976ra bitartean. Hasierako urte haietan Jorge Oteiza eta Bitoriano Gandiaga ezagutu zituzten, eta eragin nabarmena izan zuten taldearen ibilbidean.
Sei hamarkada geroago, Oskarbik kantu berriak sortzen eta herri kantak zabaltzen jarraitzen du. Hamahiru disko argitaratu dituzte, azkena aurten, eta ia mila kantaldi egin dituzte azken 60 urteetan. 50 kide inguru igaro dira Oskarbitik, eta gaur egungo taldean hasierako hiru kidek jarraitzen dute.
Antxoko kontzertuan hamar taldekide arituko dira oholtza gainean. Emanaldiak lau atal izango ditu: Oskarbiren hasierak, Gandiagaren ekarpena, Xirimiri-Mendira naiz eta aurten argitaratutako Gipuzkoa-Donemilia diskoa. Horien bidez, taldearen sorreratik gaur egunera arteko ibilbidea landuko da.
Sarrerak doakoak dira, baina beharrezkoa da aurrez gonbidapena eskuratzea Bibe plataforman, San Fermin elizako edukiera mugatua baita.
