«Haria mantendu dugu estiloarekin, eta euskararekin»
Urteurren betean murgilduta dabil Oskarbi taldea. 60 urte bete ditu euskaraz kantuan, eta hamahirugarren lana argitaratu berri du pasa den ekainean: Gipuzkoa Donemilia.
Osakarbi taldeko Itziar Alonso, Joxe Luix Treku eta Iñaki Maritxalar lezoko Karlos Saldise plazan.Ximun Leturia Lete Hirurogei urte beteko ditu Oskarbi taldeak aurtengo azaroan, eta duela hilabete, urteurren biribilarekin bat eginda kaleratu du Gipuzkoa Donemilia bere ibilbideko hamahirugarren lana. Euskarazko kantagintza oinarri duen musika talde historikoak sortu zeneko hariari segida emanda egin du bidea. Azken lanaz, 60. urteurrenaz, eta euren musika proiektuaz mintzatu da hitza Joxe Luix Treku, Iñaki Maritxalar eta Itziar Alonso taldekideekin.
60 urte beteko ditu Oskarbik datorren azaroan. Nola bizitzen ari zarete urteurren berezia?
Joxe Luix Treku: Berezia da urteurrena, agerikoa da hori, 60 urte euskaraz kantari ari garelako, eta hori, atrebentziarekin, Euskal Herrian ez duela inork egin esango nuke, Benito Lertxundi kenduta. Guk hirurogei urte egin ditugu, eta pasako ditugu seguru aski. Oskarbi horretan ere berezia da. Aurten disko berria kaleratu dugu, hamahirugarrena, eta hiru kontzertu berezi izango ditugu udazkenean, bereziak, oso kantaldi ezberdinak, baina hirurak lotuta 60. urteurrenarekin.
Gipuzkoa Donemilia disko berriak euskal kantagintzan egindako 60 urteko ibilbideari gorazarre egin dio. Zer bildu duzue disko horretara?
Treku: Ez da ibilbidearen bilketa, lan berriak dira, kantu berriak dira bertara bildu ditugun gehienak. Bada bat, Kattalin, lehenengo diskokoa dena, baina beste guztiak dira berriak edo berritutako bertsioak; lana ez da 60 urteen errekopilazioa, baizik eta disko berria, berria zentzu guztietan.
Hamahirugarren diskoa kaleratu berri duzuena. Ez Dok Amairu mugimenduko kide ere izan zineten, euskal kulturaren abangoardiaren parte.
Iñaki Maritxalar: Lehendabiziko gauza, nire kasuan, herri bat ezagutzea suposatu zuen. Pasaiakoa naiz, nire amak ez zekien euskaraz; aitak bai, baina Francoren garaiko itxitasun hartan tokatu zitzaigun aritzea, gehienez ere Donostiaraino ailegatzen ginen. Orduan, kantatzen hastea eta Ez Dok Amairuko jendea ezagutzea, beste herrietakoa, oso gauza ederra izan zen. Nire herria ezagutu nuen.
Treku: Iñaki eta biok Don Boscoko abesbatzatik gentozen, haur abesbatza zen. Ni Lezon hasi nintzen, bertako elizan kantatzen, handik Don Boscora, eta bertatik Oskarbira pasa nintzen. Don Boscoko abesbatzak sei urte egin zituen eta handik ezagutzen ginen Iñaki eta biok. Bigarren zatian zuzendari berria jarri zen, Luis Romero eta hark bultzatu zuen euskal kantua, euskal kultura, euskal kontzientzia; orduan ezagutu nituen Oteiza-eta entzunez, bederen. Abesbatza desegin zutenean, euskalduntasunaren esparru bat zelako desegin zutelako, Karmelo [Arren] eta biok eginkizun politikoetan genbiltzan. Iñakirekin hitz egin genuen eta orduan hasi ginen Oskarbin.
Horrela hasi ginen, eta hirurogei urte egin ditugu gorabehera eta jende askorekin.
Zenbat urte zenituzten Oskarbi sortu zenutenean?
Treku: Nik hamazazpi urte nituen, Iñakik hamasei, eta Maitek [Aizkorreta] hamabost. Oso-oso gazteak ginen [haiek dira taldean hasi eta gaur egun jarraitzen dutenak; Aizkorretak hamar bat urteko geldialdia egin zuen, eta itzuli]. Ez Dok Amairukoen artean gazteenak ginen eta talde mistoa, emakumeak hasieratik izan dira Oskarbin.
Azken diskoaren atzean bi urteko lana dago, eta duela hilabete argitaratu zenuten, ekainean. Nolako harrera izaten ari da zuen azken lana?
Itziar Alonso: Ona. Jendeak eskatu egiten digu diskoa, entzun nahi dute eta nik ere banatu dut lagunen artean. Denak oso pozik azaldu dira, betiko moduko abestiak direla, baina oso politak direla diote. Jendeak behin eta berriro entzuten ditu.
Treku: Baloratzeko esaten dugu beti azken diskoa dela onena. Nik uste dut disko hau ona dela benetan; baina onena zein den? Garai guztiak ezberdinak dira, ezin da konparatu beste diskoekin, ahotsak ezberdinak dira, orain instrumentu gehiago ditugu.
Maritxalar: Jende gaztea, musikari onak, eta oso trebeak ditugu: biolinista, teklatua, flautista… Oso onak dira eta gustua da haiekin ikastea eta aritzea. Hemen esertzen gara [Lezoko Aizkorri kalean dute entsegu lokala], hau da gure laborategia, eta mahaiaren bueltan aritzen gara.
1966ko Oskarbi hartatik 2026kora zer aldatu da?
Treku: Aldaketak baditu, noski. Baina estiloa hasiera hartako bera da, guk haria mantendu egin dugu, bai estiloan, bai euskararekin, baita euskal kulturarekin ere. Gero, noski, gauzak asko aldatu dira. Adibidez, Oskarbiren hasierako kantaldietan ahotsa ginen batez ere, bost-zazpi garaiaren arabera, eta gitarra bat edo bi; gaur egun instrumentu gehiago ditugu, jantziagoak; eta gure ahotsak, nirea eta Iñakirena ez dira ordukoak bezalakoak, noski. Baina jende gaztea daukagu eta oreka bat ematen du horrek.
Lurdes Iriondo, Bitoriano Gandiaga, Jorge Oteiza eta Imanol Urbieta omendu dituzue diskoaren kanta batekin. Zergatik beraiek?
Treku: Azken urteetan egiten dugu Ez Dok Amairuko bateren baten kantu bat omenaldi gisa: Mikel Laboarena egin genuen, Joxe Antonio Artzerena egin dugu, baita Julen Lekuonarena eta Lurdes Iriondorena ere. Lurdesena Tiriki tauki aukeratu dugu: musika Imanol Urbietak egin zuen, hitzak Gandiagarenak dira, eta Lurdesek abesten zuen; hirurak lagunak izan genituen.
Hasiera hartako Oskarbi taldeko zenbat kide gelditzen zarete egun?
Treku: Hasierako hiru, Maite Aizkorreta, Iñaki, eta ni neu. Hasiera-hasieran 11 izan ginen, baina gero zazpi gelditu ginen hiru urtez, gero zortzi, gero bederatzi… Gaur egun bederatzi gara.
Maritxalar: Hazparneko atabalari berria hasi da, Berttolo Hegi, eta harekin bederatzi gara taldean.
Zaila izan al da jendea aurkitzea zuen proiektuarekin bat egiteko?
Treku: Zaila izan da, bai. Ez musikarien kasuan, asko eta oso onak badaudelako, baina bai abeslariak aurkitzeko garaian, azken hori kosta da.
Maritxalar: Talde korala da gurea, ahotsak ditu oinarri eta baldintza batzuk bete behar dira. Gaur egun zarata handia dago alde guztietan, eta horretarako isiltasun bat edo gutxieneko lasaitasun bat behar da, kantatzeko entzun behar da, eta hori oso zaila da.
Alonso: Ahots batzuk koraletik gatoz, lehen abesbatzetan ibili gara txikitatik, bai ni bai gurekin ari den Alaitz [Guridi] ere hortik dator. Egia da nik txikitatik izan dudala oso presente Oskarbi, nire izeba sortzaileetako bat izan zen, Iñaki ere familiako dut urrunekoa bada ere, eta Oskarbin abestea niretzat ametsa zen; beti esan dut, amets utopiko horietako bat. Ez nuen uste inoiz gertatuko zenik, eta hara, badira bi urte bertan hasi nintzela abesten.
Ekainean egin zenuten diskoaren lehen emanaldia Aian, estreinekoa. Hurrengo zita, Arantzazuko Santutegian izango duzue irailaren 26an. Leku berezia, ezta?
Treku: Berezia da lekua, baina batez ere berezia izango da Gandiagaren abestiak kantatuko dugulako; kontzertuaren erdia, bospasei Gandiagaren kantuak izango dira. Haren omenaldia izango da, Arantzazuko Adiskideak elkarteak antolatuta. Kontzertuaren bigarren zatian, berriz, disko berriaren kantu batzuekin osatuko dugu. Berezia da tokia; Gandiaga ere berezia da.
Aurretik inoiz arituak zarete bertan kantuan?
Maritxalar: Bai, izan gara bi edo hiru alditan gutxienez Arantzazun abesten. Azkeneko aldiz Gandiaga Topagunean aritu ginen.
Treku: Bertako elizan ere kantatu genuen Gandiaga hil zenean, korotik.
Pasaiako Udalak omenaldia egingo dizue urteurrenaren bueltan azaroaren 8an. Zer suposatzen du Oskarbirentzat omenaldiak?
Treku: Eskertzekoa da. Gainera, udalak berak jo du guregana. Kontzertuetarako hala gertatzen da ere egun. Hasi ginenean guregana jotzen zuen jendeak, eta guk ezin erantzun eskaera horiei kontzertu pila genuelako esku artean. Astean hiruzpalau genituen, urtean 70 emanaldi. Egun guk proposatu behar ditugu emanaldiak.
Kasu honetan Kultura zinegotzia gerturatu zitzaidan jakinarazteko omenaldia egitea pentsatua zuela udalak, Pasaian sortu ginelako eta 60 urte omendu behar direlako. Pasai Antxoko San Fermin elizan kontzertua egingo dugu, eta gero udalak aitortza egingo digu.
Maritxalar: Zahartu garen konstatazioa da omenaldia niretzako [barre egin du]. Poza ematen du, handia, eta ahotsa hor dagoen bitartean jarraitzeko gogoa eta konpromisoa dugu.
Ekitaldirik garrantzitsuena abenduan izango duzue, Viktoria Eugenia antzokian.
Treku: Hala da. Ez da agertoki berria guretzat, 1960ko hamarkadan aritu izan ginen han. Gipuzkoako agertokirik goxoenetako bat izan da guretzat, eta oraindik ere hala da. Berrogeita hamargarren urteurrenean han egin genuen kontzertu berezia, eta hamar urte geroago ere han egingo dugu. Ez da erraza gaur egun kantatzea, ate asko jo behar dira. Kantaldi intimoak, 200 lagunekoak ez dira errazak, beste era batekoak dira modan.
Alonso: Gaur egun beste esperientzia bat bilatzen da, abestiek ez dute hainbesteko pisua hainbat emanalditan. Guk uste dugu, gure eskaintzan abestiak oso landuta daudela, beste moduko eskaintza bat da, esperientzia erabat ezberdina da. Gurean espektakulua ahotsa da. Lehengo urtean egin genituen emanaldi batzuk diapositibez lagunduta, eta gustura hartu zituzten entzuleek; kantuaren bidez euskararen historiari errepasoa egin genion.
Folk kutsuko euskal kantagintza lantzen duzue. Egokia al da definizio hori?
Treku: Euskal folka. Hasiera hartan euskal musikarik ez zegoen, otxoteak eta eliza zeuden, eta gu oso garaikideak izan ginen. Orduan, gitarrarekin bakarrik kantatzea ikaragarria zen, edo emakumeek kantatzea iraultza zen. Lehengo haria mantentzen dugu, gaurko erara egokitua. Oskarbi abesten duen taldea da, kantuak dira gure oinarria, instrumentuak akonpainamendua dira, eta ez alderantziz.
Maritxalar: Gaur egun adjektibo mordoa da, ez dakit zertarako: edo ondo kantatzen dugu, edo gaizki. Euskaraz egiten dugu, kantu zaharrak berreskuratzen ari gara, berriak ateratzen, eta lehengoei ere beste ukitua ematen.
Alonso: Muina abestia da, kantua dugu oinarri Oskarbin. Taldean bospasei gara kantari aritzen garenak.
Agertoki bereziren bat zuentzako?
Alonso: Irrikaz nago Arantzazun emanaldia egiteko, abesbatzarekin-eta izan naiz kantuan bertan, baina Oskarbirekin ez eta gogoa dut.
Treku: Viktoria Eugenia aukeratuko dut nik.
Maritxalar: Barakaldoko BEC esango dut [barrezka].
Zergatik joan behar du jendeak Oskarbiren kontzertua entzutera, zer topatuko du bertan?
Treku: Euskal kultura eta euskal musika zer den ikasi eta gozatu nahi badu, Oskarbi da aukera.
Maritxalar: Momentu goxo eta lasaia pasatzeko.
Alonso: Musikari asko dago, baina ez guk abesten ditugunak kantatzen. Egiten duguna oso berezia da.
Zein publiko du Oskarbik?
Alonso: Denetatik dator gure kontzertuetara.
Treku: Batez ere helduak.
Maritxalar: Gure kintakoak izaten dira etortzen direnak batez ere.
Publiko gazteagoarengana heltzea gustatuko litzaizueke?
Treku: Bai, noski. Hain zuzen ere taldeko gazteenak oso gustura daude gurean, ez dute kobratzen, kristoren lana egiten dute, lantokian jai eguna eskatzen dute taldearen emanaldietara etortzeko, pentsa; gustura ez bazaude ez duzu hori dena egiten.
Maritxalar: Akademiakoak dira denak, eta inprobisazioa-eta ez dute landu. Taldean horretarako aukera dute eta oso gustura bizi dute, prozesua oso polita da.
Zein ekarpen egin dio Oskarbik euskal kulturari eta Euskal Herriari?
Treku: Hirurogei urte kantuan aritze soila oholtzetan eta euskalgintzan bada ekarpena nire ustez.
Alonso: Txiki-txikitatik ikusi ditut euren diskoak, tokadiskoan jartzen nituen. Abesti asko urte mordoz mantendu dituzte; beste egile batzuen poemak hartu, landu eta gorde dituzte; eta gainera, berriak egin dituzte hasierako estiloa eta haria mantenduz. Talderik oparoenetakoa da Oskarbi.
