Etxebizitza eskubidearen alde, batera
Euskal Herriko sindikatuen gehiengoak eta Euskal Herriko etxebizitza sindikatuek greba orokorrera deitu dute azaroaren 11rako; mobilizazio bateratuak egingo dituzte etxebizitzaren eskubidea aldarrikatzeko.
Ezkerretik eskuinera Unai Moriones, Nerea Azkona, Maider Domingo eta Iker Gomez, mobilizazio bateratuen kartelarekin. Imanol Saiz Eskubideak bereganatzeko kaleak hartu behar dira, hala izan da urte luzez. Euskal Herria horren eredu da, mobilizatzeko duen gaitasunagatik. Azaroaren 11 mugarri izango da zentzu horretan. Urteko bigarren greba orokorra izango da, eta kasu honetan, etxebizitzaren eskubidearen alde kalera aterako dira milaka eta milaka herritar. Euskal Herriko gehiengo sindikalak, eta Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuak zein Etxebizitza Sindikatu Sozialistak deialdi eta mobilizazio bateratuak egingo dituzte Hego Euskal Herrian.
Grebarako aste pare bat falta diren honetan, gaiari testuingurua emateko eta greba orokorraren garrantziaz mintzatzeko elkartu da Hitza sindikatuekin, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sareko (EHESS) Nerea Azkonarekin, Etxebizitza Sindikatu Sozialistako Unai Morionesekin, ELAko Maider Domingorekin eta LABeko Iker Gomezekin izan da. Guztiek argi dute mobilizazio bateratu bat egitea erronka handia izan bada ere, ezinbestekoa dela elkarrekin kalera ateratzea etxebizitza eskubidearen alde.
Etxebizitzaren auzia guztien ahotan dago. Etxebizitza negozio bihurtu da azken hamarkadetan eta, azken urteetan, funts putreek, espekulatzaileek eta errentadunek etekin handiak bereganatu dituzte etxebizitzei esker. Hori ekiditeko mugak jarri ezean, langileen bizi baldintzak hobetzeko etxebizitzaren aldeko aldarri unibertsalak mahai gaineratu dituztela azaldu dute. «Greba orokorra baliatzea ezinbestekoa da etxebizitzarekin negozioa egiten dutenen aurka jarduteko eta horiek seinalatzeko», adierazi du Azkonak. Bide beretik, Morionesek argi du gaia gizarte osora estrapolatu egin dela: «Gizarte osoak pairatzen du etxebizitzaren arazoa». Etxebizitza sindikatuetako bi kideek argi dute azaroaren 11koa [A11 aurrerantzean] etxebizitza sindikatuak indartzeko eta klase antolakundearen gaitasuna handitzeko borroka tresna eraginkorra izango dela. Orain arte egindako mobilizazioek «aldaketa txikiak» ahalbidetu dituzte, eta horretan jarraituko dute irtenbideak lortu arte, antolakuntza eta borrokaren bitartez.
Testuingurua irakurtzea eta aztertzea oso garrantzitsua izan da greba orokorraren data ezartzeko. «Problematika aspalditik dator. Une honetan, baldintza guztiak bete dira etxebizitza ardatz hartuta greba orokor bat deitzeko», azaldu du Domingok. «Etxebizitzarena ez da gai isolatu bat, gutxieneko soldataren auziak etxebizitzarekin lotura zuzena du», gehitu du Gomezek. Egun, soldataren zati handi bat etxebizitzara bideratuta dago, alokairura eta maileguak ordaintzera. Horregatik patronalak seinalatu ditu LABekoak: «Patronalek soldatak igo ezean, ez dugu bizitzeko aukerarik edukiko».
«Azken urteetako politikek argi utzi dute ez dagoela borondaterik sakoneko eraldaketak egiteko». Azkonak azaldu du patronalak seinalatzeaz gain, alderdi politikoak ere seinalatu behar direla. EAEn, esaterako, EAJ. Negozioa gora egiten ari den bitartean, mugak jarri gabe jarraitzen dutela esan dute aho batez denek. «Etxebizitza da itota bizitzeko arrazoietako bat». Prezioek gora egitearekin batera langile klasearen prekarizazioa eta pobretzea hazi egin dela gehitu du ELAkoak. Horregatik, instituzioak modu zuzenean interpelatuko dituzte. «Instituzioen ardura da baldintza horiek ez ematea», azaldu du LABekoak. Kapitalismoaren helburua «patrikak diruz ahalik eta gehien betetzea» dela sinistuta, lau sindikatuetako kideek argi diote negozioak ez duela mugarik.
Etxebizitza Sindikatu Sozialistako kidea kritiko azaldu da, eta funts putreak baino EAEko jabe txikiak seinalatu ditu: «Ezin ditugu soilik funts putreak seinalatu. Arazoa askoz sakonagoa da. Badago jendea hiruzpalau pisu dituena, eta Tentsio Handiko Eremuetan ez direnak etxebizitza handien jabe kontsideratzen. Hortaz, euren maizterrak etxetik kanpo uzten dituzte kasu askotan». Azken hamarkadan, Euskal Herrian 20.000 etxegabetze judizialetik gora izan dira, eta horiek artatzen aritzen dira etxebizitza sindikatuak. Horietaz gain, isilpeko etxegabetzeak ere badaude. «Gure auzoetan etengabe dira isilpeko etxegabetzeak, eta, askotan, ez dira guregana heltzen», azaldu du Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sareko kideak. Argi dagoena da negozioak gora egin duela, eta herritarrek jasaten dituztela ondorioak.
Hiru aldarrikapen
Negozioa geldiarazteko kalera ateratzeko hiru aldarrikapen adostu dituzte sindikatuek. Irakurketa bateratu bat prestatzea erronka handia izan dela diote. «Langile klaseak ez du ulertzen greba deialdia bateratua ez izatea, eta hori lortzeko Euskal Herriko eragile guztiekin elkarlana egin da», kontatu du Gomezek. Euskal sindikatuen gehiengoak mobilizazioekin bat egin badu ere, Domingok argi dio ezinbestekoa dela etxebizitza sindikatuek protagonismoa edukitzea. Batasuna eta elkarlana nabarmendu dituzte laurek. Abiapuntu horretatik aurrerapausoak ematen jarraitzeko itxaropena dute.
«Gatazka hau arintzeko edo konpontzeko orain arteko neurriek ez digute balio izan. Etxebizitzaren auzia konpontzeko erroko aldaketak behar ditugu eta horiek planteatu behar ditugu», dio Azkonak. Etxebizitzen prezioaren igoera arazo izan arren, Azkonak beste arlo bati ere eman dio garrantzia: «Prezioen igoerak eragiten digu, baina benetan, kezkatzen gaituena da etxebizitzek duten merkantzia izaera». Horretarako honakoak dira mobilizazioetan erdigunean jarriko dituzten aldarriak: espekulazioa debekatzea; espekulatzaileak desjabetzea; eta etxebizitzen eta bitartekoen antolaketa justua, langile klasearen beharren araberakoa izatea.
Gaur-gaurkoz, kontrajarritako bi eskubide daudela azaldu dute: alde batetik, etxebizitza bat edukitzeko eskubidea, eta bestetik, etxebizitzarekin negozioa egiteko eskubidea. «Neurri horiek kontrajartzen diren bitartean etxebizitza ez da eskubide unibertsala izango».
Eskubide unibertsalei buruz galdetuta, Domingok honako hau gehitu du: «Ulertu eta aldarrikatu behar dugu etxebizitzak bermatutako eskubidea izan behar duela, hezkuntza eta osasuna diren neurri berean». Irtenbidea kontzeptu aldaketa bati esker helduko dela uste du, eta horretarako neurriak eta baliabideak behar direla.
Funts putreak, edonon
Funts putreen espropiazioa da A11rako aldarrietako bat. Negozioa egiten duten enpresa orori aurre egin behar zaiola adierazi du LABeko Gomezek. «Negozioa egin dute, eta hori hiriburuetan ikusten ari gara. Adibidez, Donostian bizitzeko ezintasunagatik Oarsoaldera joan behar izan dute askok». Aldaketa horrek gentrifikazio puntu bat sortu duela gehitu du. Enpresa horiek eraikin osoak hartzen ari dira hirietan, eta hori dela eta, funts putreak mahai gainean jarriko dituzte.
Morionesek Donostiako Benta Berri auzoan berriki gertatutakoa azaldu du. Eusko Jaurlaritzak Blackstone funts putreak jabetzan zituen 510 pisu erosi ditu, 196.000 euroren truke bakoitza. «Honek politikaren ikuspegi okerra agerian utzi du: EAEko etxebizitzara bideratutako diru kopuruaren %15a funts putre baten sakelara bideratu dute, eta gainera, ospatzeko modukoa izan da Eusko Jaurlaritzarentzat». Denis Itxaso Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailburua harro azaldu zen komunikabideen aurrean salerosketaren berri emateko, «xanpaina botila bat irekitzea falta zitzaion». Etxebizitzaren planifikazioan gatazka bat dagoela argi du, eta horren aurrean aukera bitarra planteatu behar dela proposatu du Etxebizitza Sindikatu Sozialistako kideak: «Langileen ikuspuntutik etxebizitzaren planifikazioa bat egon behar du, edo bestela, orain arte bezala, kaos bat egongo da, eta bakarrik espekulazio interesen eta irabazien alde izaten jarraituko du».
Etxebizitzen auzia funts putreek eta bestelako errentadunek sortutako oldarraldiaren emaitza dela dio Gomezek. Horretarako, etxegabetzeen erabateko gelditzea eta alokairuen prezioen jaitsiera eskatuko dute. 2014an epe baterako ziren alokairuak %2koak ziren, eta egun, %27koak. Horri etxebizitzen prezioa gehitzen bazaio Hego Euskal Herrian etxebizitzen salneurriak %35 igo dira, eta Ipar Euskal Herrian, %50. Hori gutxi ez, eta 2024an Espainian egin ziren hipoteken herena baino gehiago kreditu hipotekario bat gabe eman ziren. Horren gainean Etxebizitza Sindikatu Sozialistako kideak honako gogoeta egin du: «Nork erosi dezake etxebizitza bat kreditu hipotekariorik gabe?». Honen guztiaren atzean, erantzule asko daudela argi dago, eta errenta transmisio ikaragarria gertatzen ari den garai honetan, erosteko ahalmena galdu dela nabarmendu du Domingok.
Etxebizitzaren arazoa ez da Euskal Herriko markora mugatutako arazo lokalizatu bat, eta funts putreak seinalatzea ongi dagoen arren, Morionesek honako hau adierazi du: «Funts putreak, askotan, ez dira Euskal Herrian hezur-mamitzen, nazioartean antolatzen dira. Euren helbide fiskalak Suitzan edota beste hamaika paradisu fiskaletan dituzte».
Nazio ikuspegi propioa
Etxebizitzaren gaiak mugak ez baditu ere, greba orokorrak Euskal Herriko nazio ikuspegia izango du. Espainiako estatu osoa deituta dago greba orokorrera, baina hala ere, bertako sindikatuek argi dute Euskal Herrian egin diren greba guztietan bezala, A11koak ere Euskal Herriko nazio ikuspegi propioa izango duela. Aldarrikapen eta irakurketa propioa adostu dute sindikatuek.
LABekoak adierazi du Euskal Herriak grebara deitzeko duen gaitasuna zenbatekoa den. «Espainian azken 15 urteetan ez dute greba orokor batera ere deitu. Hego Euskal Herrian baditugu berriagoak diren adibideak, esaterako, martxoaren 17koa. Euskal gizarteak garbi du greba baten lanketak zer dakarren, eta zer nazio ikuspegi duen». Kalera ateratzeko nazio ikuspegia presente edukiagatik, «egungo egoerara eraman gaituzten parlamentuko kide guztiak» interpelatuko dituztela gaineratu du Etxebizitza Sindikatuko kideak.
Haatik, Azkonak gogorarazi du nazio ikuspegi propioa izateak arriskuak ere badituela, kontuan edukita grebaren abiapuntua zein den: «Marko espainiar horren kanpo gelditzeko gure aldarriak mahai gainean jarri eta gure borroka moldeak erreproduzituko ditugu». Jendearen haserrea, amorrua eta ezinegona nabaria da, eta horren adibide dira asteotan egin dituzten akanpadak Bilbon eta Espainiako leku askotan, baita Portugalen ere. Eta beste alde batetik, azken hilabetean Euskal Herriko hiriburuetan eta Europako herrialde askotan egin dituzten mobilizazio erraldoiak. Gizartearen erantzuna kalean dagoela diote. «Egoera larri honen aurrean jendea antolatzen hasi da, eta kalera ateratzeko prest dago».
Azken mobilizazioen balorazio oso positiboa egin dute laurek, «arrakasta handia» izan dute. «Dagoeneko jendearekin biltzen hasi gara, lantokietatik pasa gara grebaren gaineko informazioa helarazteko, eta erantzuna ona izan da. Jendea gogoz dago grebarekin bat egiteko», kontatu du Gomezek. Sindikatuek mahaiaren bueltan orduak pasa dituzte greba orokorra ahalik eta gehien fintzeko. «Lan txukuna egin dugu».
Izango duen jarraipenaz galdetuta, martxoaren 17koa oinarri hartuta itxaropentsu dira. «Duela zortzi hilabete 1.500 euroko gutxieneko soldata aldarrikatzeko kalera atera ginen eta greba eguna arrakastatsua izan zen», gogorarazi du LABeko kideak. Oraingo honetan, langile klasea interpelatu zuzena izan arren, «herria sortzen dugun beste eragileak ere» mobilizazioekin bat egingo dutela ziur da Gomez. Goizeko mobilizazio nagusiak 12:00etan Gasteizen eta Eibarren, eta ordu erdi geroago, 12:30ean, izango dira Donostian, Bilbon, Iruñean eta Tuteran; eta arratsaldean, berriz, herrietan egingo dituzte. «Aste honetan eta datorrenean hainbat bilera ditugu mobilizazio horiek prestatzeko. Datak zehaztu ahala deialdiak argitaratuko ditugu». Hortaz, lau sindikatuek goizez eta arratsaldez kalera ateratzeko eta etxebizitzak bermatutako eskubide bat izan behar duela aldarrikatzeko deia egin dute. «Eskubideak antolakuntzaren eta borrokaren bitartez lortzen dira. A11n hori agerian geldituko da, lantokiak hustu eta kaleak beteko ditugu».
