Oiartzungo jardunaldi antikapitalistak, azaroan
Azaroaren 1etik 7ra bitartean zenbait jarduera izango dira herrian; tartean, solasaldiak, ikus entzunezkoen proiekzioak eta kontzertuak.
Sol Band taldearen kontzertua azaroaren 7an izango da, Doneztebe plazan. Matxinadak eta DEBAk –Dagoenari egokitu ala borrokara atxikitu– antolatuta, Oiartzungo jardunaldi antikapitalistak egingo dituzte azaroan zehar. Lau egunetan banatu dute egitaraua, eta besteak beste ikus entzunezkoen proiekzioak, solasaldiak edota kontzertuak izango dira azaroko zenbait egunetan.
Azaroaren lehenengoan irekiko dituzte jardunaldiak Ladrones de fuego dokumentalaren proiekzioarekin eta Francisco Vaquero zuzendariarekin solasaldiarekin (19:00, Landetxe), eta azaroaren 5ean izango da hurrengo hitzordua: Naza filma. Hitzordua 19:30ean izango da, Landetxen.
Hurrengo egunean, azaroaren 6an alegia, Casilda: beste pausuen oihartzuna dokumentala ikusiko dute lehenbizi 19:00etan udaletxeko areto nagusian, eta mahai ingurua izango dute gero.
Egitaraua, azkenik, azaroaren 7an itxiko dute, eta handira egingo dute, egun osoan zehar izango baitira jarduerak Oiartzunen. 11:00etan Arizmendienean elkartuko dira lehenbizi Carlos Taiborrek emango dute Nora doa mundu hau? hitzaldia entzuteko, eta 14:00etan bazkaltzeko elkartuko dira Doneztebe plazan –txartelak Miren Tabernan daude salgai–. 18:00etan Palestinako Sol Band taldearen kontzertua izango da, eta eguna amaitzeko, 21:00etan, Non Servium eta Yakovlev 42 taldeak ariko dira Landetxen.
