Sormen kolektiboa landuko dute EHAZEk antolatutako hitzordu bikoitzarekin
Udazkeneko laborategiak egingo dituzte azaroaren 7an eta 22an; lehen saioa Ainhoa Alberdik eta Maider Lasak gidatuko dute. Bigarrena, berriz, Dejabú konpainiak.
Dejabú konpainiak hilaren 22an emango du 'Nola desagertu paisaian' ikastaroa. “Sormen kolektiboa” terminoak oinarri izanda, EHAZEk –Euskal Herriko Antzerkizale Elkartea– bi ikastaro antolatu ditu Oiartzunen. Lehenengo hitzordua Ainhoa Alberdik eta Maider Lasak gidatuko dute, antzerkia beste diziplina batzuekin nahasten eta izaera esperimentaleko proiektuak garatzen eskarmentu handia duten bi artistak, hain justu.
Bigarren topaketa, berriz, Dejabú konpainiak bideratuko du, eta egun horretan haren sormen lengoaia partekatzeaz gain, talde sorkuntza ere jorratuko dute.
Lasaren eta Alberdiren Isildutako loreak saioa azaroaren 7an (larunbata da) izango da, eta aurreratu dute bertan gorputzaren eta ahotsaren arteko dantza ikertuko dituztela. “Mugimenduan pentsatzeko gonbidapena da, espazioa eta sentikortasunarekin erlazio desberdin baterako haziak ereiteko. Presentzia eta erresonantzia landuko ditugu, inguruan dagoen bizitzarekin eta gure barrenean dagoenarekin”, diote.
Jarduera hori burutzeko inprobisazioan oinarritutako sorkuntza kolektibo txikiak egingo dituztela jakinarazi dute.
Dejabúren txanda, azaroaren 22an
Dejabú konpainiak emango du bigarren ikastaroa, Nola desagertu paisaian izenpean, eta diote eskola horretan paisaian galtzeko aukera proposatzen dutela “agertzen diren irudi, keinu, objektu eta harremanen artean arakatzea, aldez aurretik nora iritsi behar dugun jakin gabe eta sortzen dena arrazionalki epaitzeko presarik gabe”.
Azkenik, nabarmendu dute intuizioari eta jokoari lekua eginez, “ustekabean agertzen den horretatik tiraka”, sorkuntza kolektibo baten aukerak topatzea izango dena ikastaroaren muina.
Ikastaroak 10:30etik 17:30era izango dira, Altzibar auzoan (Done Petri, 14), eta aurretiazko esperientzia espezifikorik behar ez bada ere, izena eman behar da aldez aurretik mezu bat idatzita edota 722 89 87 95 zenbakira deituta.
Bi ikastaroen prezioa 45 euro da, eta bakarrarena, berriz, 30 euro. Alabaina, EHAZEko bazkide, ikasle, prekario edota oiartzuarrentzat prezio murriztua dago: ikastaro bakarra 20 euro eta bi, haatik, 30 euro.
Antolatzaileek, azkenik, gogorarazi dute bi doako plaza dituztela behar duenarentzat.
