Izua, heriotza, sinesmenak, mozorroak... Hemen da Gau Beltza!
Oarsoaldeko lau herrietan Gau Beltzeko jarduerak izango dira iluntzean. HITZAk astelehenean argitaratuko du gaurko egunak ematen duen materiala.
Antxoko Gau Beltzeko artxiboko irudia. Egun magikoa da gaurkoa. Magikoa bezain berezia, eta berezia bezain misteriotsua. Gau Beltza da gaur, hilaren azken eguna, 31 baita. Emozio ugari biltzen ditu gaurko egunak, eta denentzat hitzordu politak badira ere, haurrek gozatzen dute bereziki gaurko egunaz. Izua, sustoak, sinesmenak, kondairak edota mozorroak dira gaurko eguneko protagonista, nahiz eta gau partean ikusiko diren gehienak.
Urteen poderioz aldatuz joan dira gaurko eguneko ospakizunak, eta gaur gaurkoz batez ere haurrei begirako ekitaldiak eta jarduerak antolatzen dituzte. Ilunabarrean hasiko dira Oarsoaldeko lau herrietan ekitaldiak, baina goizeko lehen orduetatik dabiltza kalean hara eta hona mozorrotutako herritarrak.
HITZAk bildutako informazioaren arabera, Gau Beltzaren kale izaerako ospakizunak estreinakoz 2014an egin ziren Oiartzunen, eta 2019an Errenteriako Kalabazaren Bideari ekin zion Orereta Ikastolak. Gero, zenbait eragileren elkarlanari esker Lezoko eta Pasaiako lau barrutietako Gau Beltzak ere sortu ziren.
Hedabide honek herrietako eragileen bidez bilduko ditu Gau Beltzaren bueltan larunbatean egingo diren jarduerak, eta astelehenean argitaratuko ditu horiek. Inork bere irudiak HITZAn argitaratzea nahi balu, bidali ditzala herri bakoitzari dagokion helbide elektronikora [errenteria@hitza.eus, lezo@hitza.eus, pasaia@hitza.eus, oiartzun@hitza.eus ].
Hilaren 31ko Gau Beltzak
- Errenteria-Orereta. 19:00etan, San Klara kaletik, Kalabazaren Bidea; ondoren, Agirre Lehendakariaren plazan, Izuen eltzean jarduera.
- Lezo. 19:00etan, Gurutze Santuaren plazatik kalejira eta Sutargiren eta Murixkaren saioak; 20:00etan, gaztaina banaketa; 20:30ean eta 21:15ean, Atzekoaten, Orratx!-en saioak.
- Oiartzun. 19:30ean, Done Eztebe plazatik hasiko da Gau Beltzaren kalejira. Han bukatuko da, eta beldurrak erretzeko tartea izango da.
- Pasaia.
- San Pedro: 16:30ean, frontoian, mozorroen prestaketa; 17:30ean, Xanduli manduli altxorraren bila; 18:30ean, plazan, Aleka antzerki taldea; ondoren, Ertitik hilerrirako bidea, gaztaina jatea, eta Lamiak-en eta sorginen dantzaldia; 20:30ean, plazatik, Ibilbide beldurgarria.
- Donibane: 17:00etan, Bixi-Bixin, aurpegi margoketa; 18:30etik, Meipitik, gozokien bilketa eta kalejira; 20:00etan, plazan, zezensuzkoa; ondoren, Kultur Aterpean, festa.
- Antxo: 17:00etan, Biteri plazan, tailerrak, beldurren bilketa eta txokolatada; 18:45ean, Biteritik, kalejira.
