Lanak astelehenean Trintxerpeko arrapalan eta Gure Zumardian
Udalak tratamendu irristagaitza egingo du azaroaren 2an Trintxerpeko azokako arrakalan eta Gure Zumardiko arkupeetan.
Pasaiako Udalak jakinarazi duenaren arabera, tratamendu irristagaitza egingo dute astelehenean (azaroak 2) Trintxerpeko azokako arrapalan zein Gure Zumardiko arkupeetan. Diotenez, jarduera horren helburua zoladuraren baldintzak hobetzea eta irrist egiteko zein erortzeko arriskua murriztea da, “espazio horiek erabiltzen dituzten pertsonentzako joan etorri seguruagoa eta erosoagoa ahalbidetzeko”.
Trintxerpeko lanak 09:00etan hasiko dituzte, eta aurreratu dute gutxienez lau orduko lanak izango direla. Hori horrela, lanean ari diren bitartean ezingo da arrapala erabili.
Gure Zumardiko lanak, haatik, 23:00etatik 06:00etara izango dira, eta udalak azpimarratu du lan horiek ez dutela zaratarik sortuko.
