Gutxieneko pentsioak osatzea inoiz baino beharrezkoago
Hileko lehen astelehenero bezala, gaur ere kalera atera dira pentsiodun eta jubilatuak Duintasuna elkarteak deituta.
Duintasunaren manifestazioa, gaur. Hileko lehen astelehenero bezala, gaur ere kalera atera dira pentsiodun eta jubilatuak Duintasuna elkarteak deituta. Argi adierazi dute, inoiz baino beharrezkoagoa da, inoiz baino arrazoi gehiago dituztelako, Eusko Jaurlaritzak gutxieneko pentsioak Lanbidearteko Gutxieneko Soldataraino osatzea. Azken urteotan Araba, Bizkai eta Gipuzkoako zerga bilketek gora egin dutela nabarmen azaldu dute, “aurten ere hala egingo du, eta aurreikusten da, iaz baino %5,1 gehiago”.
Nafarroako Gobernuari egin diote aipamena gaurko mobilizazioan, “aurrekontu akordioa lortuta EH Bilduk gutxieneko pentsioa 1.190 eurora osatzea lortu du 14 hilabetetan, kenkari fiskalen bidez”. Positibotzat jo dute Nafarroako Gobernua eta EH Bilduren arteko akordioa, “aurrera pausua da; hala ere, ez da kopuru hori Gutxieneko Lanbidearteko Soldatara heltzen, nahiz eta gerturatzen den”.
Hortik harago, akordio horrek EAEk eta Nafarroak gutxieneko pentsioak osatzeko nahikoa baliabide eta eskumen dituztela erakusten duela esan dute, eta Nafarroan egindakoa, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan egiteko exijitu dute.
