Mintzalagun marinelak, Mater ontziko eskifaia
Pasaiako eta Lezoko mintzalagunak atzo Mater ontzian elkartu ziren, euskara oinarri, Ulia mendiko itsaslabarrak itsasotik ikusteko, eguzkia mendebaldean ezkutatzen zen bitartean.
Euskara oinarri hartuz atera ziren atzo itsasora Lezoko eta Pasaiako mintzalagunak, Mater ontzian, ilunabarra ikusteko helburuarekin. Zeruak ez zuen lagundu, hodeiez bete baitzen, baina Uliako eta Donostiako bista ederrak izan zituzten parean. Mater ontzia Euskal Herrian egindako azken egurrezko ontzia izan zen, eta orain jada ez da arrantzara bideratutakoa, ontzi museo bat baita. Bertako hiru marinelekin eta patroiarekin izan ziren mintzalagunak, Pasaiako portuko xehetasunak eta euskal kostaldeko bitxikeriak ikasiz.
Hilean behin egiten dute irteera edo ekitaldi bereziren bat mintzalagunen programa barruan. Halere, atzokoa, urteko izarra izan omen da, mintzalagunek adierazi dutenez. Urteak daramatzate Mater ontzian irteera egiten, eta 30 lagun inguruko eskifaia elkartzen dira, Pasaiako badiatik atera eta itsaso zabalera murgiltzeko zain.
Pasaiako portutik aterata, zorabiatzeko beldurrarekin izan zen baten bat, eta itsasoak ez zuen lagundu. Mater ontziko marinelek zioten itsaso barea zela atzokoa, baina mintzalagunei hori sinistea kostatu zitzaien. Zorabiatutako baten bat popara joan behar izan zen, bertan ontzia gutxiago mugitzen baita, baina beste askok brankan iraun zuten, zentinela lanetan. Ontziratzean, beheko sotoa erakutsi zieten lehenik, lehen arraina hozteko erabiltzen zuten eremua. Mahai baten inguruan eserita, barkuaren historia kontatu zuten marinelek, azken finean, museo bat baita Mater ontzia.
Pasaiako portutik aterata, ababor aldera biratu zuen ontziak, eta Uliaren itsaslabarrak hartu zuten protagonismoa. Pikatxilla arrokaren istorioa kontatu zuten marinelek. Arroka luze eta fin bat da, Zurriolatik gertu dagoena, eta ontzi askorentzat arriskutsua izandakoa, bertan hondoratutako ontzien arrastoak baitaude. Igeldoraino iritsi zen Mater ontzia, eta bertan, estriborrera biratuz Pasaiara jarri zuen branka. Bi orduko bidaia izan zen, non itsasoa, euskara eta giro ona gailendu ziren.
Hona hemen atzo HITZAk Mater itsasontzian ateratako argazkiak:
