Hemen da Aroa dekalogoa: trantsizio ekosozialerako bide orria
Hamar eragilek aurkeztu dute txostena klima larrialdiari eta egungo sistema ekonomikoaren eta energetikoaren mugei eta kalteei aurre egiteko.
Arditurrin aurkeztu dute Aroa dekalogoa. Oiartzungo hamar eragilek Aroa dekalogoa adostu dute klima larrialdiari eta egungo sistema ekonomikoaren eta energetikoaren mugei eta kalteei aurre egiteko herriak trantsizio ekosozialari heldu behar diola sinetsia. Hain justu, aipatutakoaren oinarrien zein erronken dekalogoa da, eta Elika kooperatiba, Arraztalo kontsumo taldea, Girizia elkartea, Labore elikadura denda, Biyurrienea gazte taldea, Elizalde herri eskolako guraso elkartea, Haurtzaro ikastola, Argitturri energia komunitatea, Oiartzun Burujabe eta udala dira sinatzaileak.
Izenpetzaileek adierazi dute trantsizio ekosozialak erpin asko dituela, eta azken mendean ezagutu eta aldatzen joan den sistema kapitalistak eragin dituen arlo guztietako krisiei erantzun behar zaiela. Alabaina, sinistuta daude herriak badituela dagoeneko zenbait “oinarri sendo”: naturaren babeserako neurriak, uraren kudeaketa propioa, birziklapen tasa handiak, burujabetza mahai sektorialak, bertako nekazaritza eta abeltzaintza bultzatzeko estrategia edota energia berriztagarrien lehen esperientziak ere.
Haatik, erronkak ere hor daude: autoen erabilera handia, merkataritza gainazal globalizatu eta handiekiko mendekotasuna, kontsumo eredu jasanezina edota energia iturri nagusia erregai fosilena izatea.
Hamar oinarri
Aipatutako helburuak betetzeko bidean, Aroa dekalogoan hamar oinarri ezarri dituzte: energia berriztagarriak, garraio jasangarria, kontsumoa gutxitzea, tokiko ekoizleak eta ekoizpena, merkataritza txikia, burujabetza, zaintza, komunitatea, aukera berdintasuna eta erresilientzia. “Aroa dekalogoaren sinatzaileok gure herriko trantsizio ekosozialaren zehar lerroak adostu ditugu, eta elkarlanean, herri gisa eta modu parte hartzailean horiek babestu zein bultzatzeko konpromisoa hartu dugu. Aro berri bat dator”.
Ildo horretatik jarraituz, eragileek diote eztabaida ez dela energia berriztagarriak behar ote diren, nola antolatu behar diren baizik. Horregatik, gehitu dute plangintza oso bat behar dela energiaren sorrera irabazi asmorik gabeko erakundeetara eta entitate publikoetara pasatzeko eta banaketa justuago bat bermatzeko. Gainera, azpimarratu dute energia horrek tokiko komunitatearen kontrolpean egon behar duela eta naturarekiko errespetuz jokatuta lortu behar dela.
“Aiako Harria inguruko Repsolen proiektu eolikoekiko mesfidantza adierazten dugu, ingurumenari eta herritarren interesei kalte egin diezaioketelakoan. Gaur egun eskualdean aztertzen ari diren proiektu eolikoen aurrean lanketa amankomuna egitearen beharra azpimarratzen dugu”.
Atxikitzeko aukera
Aroa dekalogora hala nahi duten eragile, erakunde edo norbanako batu daiteke, eta hori Oiartzun Burujaberen webgunetik egin behar da.
Datozen hilabeteetan bi hitzaldi antolatu nahi dituzte hamar eragileek “gaia presente egon eta hausnarketarako motibo” izan dadin, baina aurrerago emango dute xehetasun gehiago. Hitzordu horietan ere egongo da Aroa dekalogoari atxikimendua emateko aukera.
