Txerri Egunean postua jartzeko izen ematea zabaldu dute
Abenduaren 19an izango da egun hori, eta postua jarri nahi duten herritarrek hilaren 8ra arte dute izena emateko aukera.
Ttur-ttur elkarteak jakinarazi du hilaren 8ra arte (igandea da) dagoela zabalik Txerri Egunean postua jartzeko izen ematea. Abenduaren 19an izango da egun hori, eta Madalensoro pilotalekua eta Elizalde eskolako frontoia izango dira egun horretako gune seinalatuak.
Parte hartzaileek zenbait baldintza bete behar dituzte, eta horien artean dago azokaren ordutegia errespetatzea. Era berean, aurreratu dute parte hartzaile bakoitzari mahai bat jarriko diola antolakuntzak, baina norberak ere ekarri dezakeela barau ezarritako neurriak errespetatzen badira (1,82 metroko luzera eta 78 zentimetroko zabalera).
Txartelak eta bezeroekin harremana euskaraz
Ttur-ttur Euskaltzaleon Bilgunearen jarduna euskararen aldekoa da, eta Txerri Egunaren helburuetako bat kalean euskararen presentzia bultzatzea denez, parte hartzaile guztiek jendaurreko txartel guztiak euskaraz eduki beharko dituzte. Gainera, bezeroekin izango duten harremana euskaraz izatea ziurtatu behar dute postuko kideek. “Horretarako, saltzaileetako batek behintzat euskaraz jakin behar du”.
Antolatzaileek aurreratu dute izena emateko parte hartzaile guztiek nahitaez baldintza horiek onartu eta inprimakia bete behar dutela, eta baldintzetako bat betetzen ez bada antolakuntzak postua kentzeko zein datozen urteetarako baimena kentzeko aukera duela.
