Fruta eta barazki dendetan euskaraz erosteko baliabideak martxan
Oarsoaldeko Euskara Batzordearen egitasmoa da. Euskaraz erosten duenak oihalezko poltsa eta irudidun hiztegitxo sorta bana jasoko du.
Oarsoaldeko Euskara Batzordeak urtero kanpaina bat abiatzen du lau eskualdeko lau udalekin batera, merkataritzako sektorean euskararen ahozko eta idatzizko erabilera sustatzeko asmoz. Urtero sektoreko arlo bat hautatzen du, eta aurten fruta eta barazki dendak izan dira. Bertako fruitua, euskara! lelopean, 51 saltokik egin dute bat kanpainarekin.
Udaberrian jarri zuten martxan. Batzordeak azaldu duenez, lehenik, saltokiei eskegita zituzten oharrak eta idatziak euskarara itzultzeko laguntza eman zieten, baita barazkien eta fruten euskarazko hiztegia ere. Saltzaileek hiztegia izateaz gain, kartelak ere eskegi ziren saltokietan ohikoenak diren fruta eta barazkien izenekin.
Hori eginda, kanpainak bigarren pausoa eman du orain. Iragarri dute azaroan zehar euskaraz egiten duten bezeroei fruta eramateko oihalezko poltsa bat eta irudidun hiztegitxo bat emango zaizkiela opari, euskaraz kontsumitzen jarrai dezaten.
