Iragorriko kanposantutik bisita gidatua egingo du Kattin Ttiki elkarteak
1936ko Gerran fusilatu eta bertan lurperatu zituzten hamahiru pertsona. Bihar izango da irteera, Altzibarko plazatik abiatuko dira 09:30ean.
Memoria historikoa ardatz duen Oiartzungo Kattin Ttiki elkarteak bisita gidatua antolatu du Iragorriko Kanposantura. Bertan lurperatu zituzten 1936ko Gerran fusilatutako hamahiru lagun.
1960ko hamarkadan egin zituzten lehen indusketa lanak, eta orduko hartan zortzi gorpu aurkitu zituzten. Ordea, bizilagunek aldarrikatu zuten pertsona gehiago zeudela bertan lurperatuta, garaiko testigantzek hala kontatu zietelako.
Gauzak horrela, 2005an, Kattin Ttiki elkarteak Aranzadi Zientzia Elkarteari indusketa lanak egiteko eskera egin zion. 2007an abiatu zituzten indusketa lanak zientzia elkarteak, eta beste bost gorpu aurkitu zituzten. Aranzadiren ikerketen arabera, fusilatu eta lurperatutako hamahiruetatik bakarra zen milizianoa, gainontzekoak zibilak ziren, eta teorian Donostiako Ondarretako kartzelatik eraman zituzten fusilatzera.
Bihar, azaroak 7 larunbata, egingo dute irteera. Altzibarko plazatik abiatuko dira 09:30ean. Gaur da azken eguna irteeran izen emateko. Elkartetik abisatu dute arropa erosoa eramateko, ura eta hamaiketakoarekin batera.
