Molinao Eguna egingo da hilaren 15ean
Aldaketarako Marea egitasmoaren barruan, hondakin bilketak, Molinao errekako biodibertsitatea ezagutzeko jarduerak eta haren zaintzarekiko konpromisoa adierazteko ekintzak egingo dira, 10:45etik 13:30era.
Pasaiako Udalak, Materrek, Itsas Zaintza Sareak, Behemendik eta Laurak Bat elkarteek antolatuta, Molinao Eguna egingo da hilaren 15ean (igandea), Aldaketarako Marea egitasmoaren programazioaren barruan.
Iaz egin zen Molinao Eguna lehen aldiz, eta errekan eta haren inguruan hondakinak bildu zituzten auzolanean. Aurten, hondakinak biltzeaz gain, errekako biodibertsitatea ezagutzeko eta haren zaintzarekiko konpromisoa adierazteko jarduerak ere egingo dira.
Molinao Eguna 10:45etik 13:30era bitartean izango da, Antxoko Molinao errekan. Jardunaldia Materren Bio eta Zabor erraldoien antzezlanarekin hasiko da, eta Behemendi elkarteak errekatik ateratako hondakin handiak ikusgai jarriko ditu. Antzezlanaren ondoren, parte hartzaileek hiru txokotan parte hartzeko aukera izango dute. Txoko horietan aritzeko, beharrezkoa da aurrez izena ematea, galdetegi bidez. Hauexek dira hiru txokoak:
- Hondakin bilketa: Erreka inguruko hondakinak bilduko dituzte eta, mareak eta sarbideek aukera ematen badute, errekan bertan ere arituko dira.
- Erreka bizirik!: Molinaoko parkean ur laginak hartuko dituzte, errekako izaki bizidunak ezagutzeko.
- Konpromiso sarea: Parte hartzaileek etxetik ekarritako oihal gorri zati batean beren izena idatziko dute eta zubiko sareari lotuko diote, errekaren zaintzarekiko konpromisoa adierazteko.
Jarduerak bukatu ondoren, taldeko argazkia aterako dute, eta parte hartzaileek Laurak Bat elkarteko tabernetan pintxo bat hartzeko pintxo bonua jasoko dute. Jardunaldiaren ondoren, auzolanean bildutako hondakinen datuak argitaratuko dituzte.
Molinao Eguna iragartzeko, iragan astean errekaren argazki zaharrak jarri ziren Laurak Bateko saltokietako erakusleihoetan. Hurrengo astean, argazkien gaineko azalpenak eta jardunaldiaren berri emango duten kartelak jarriko dira erakusleihoetan.
