'Badiako ikastola txiki kementsu haiek' dokumentala, Lezon eta Pasaian
Pasaia-Lezo Lizeoaren 50. urteurreneko ikus-entzunezkoa ikusteko lau aukera ondu dituzte, Lezon eta Pasaiako barrutietan.
Urriaren 2ko aurkezpeneko talde argazkia da honakoa. Urriaren 2an aurkeztu zen Donibaneko Juanba Berasategi aretoan Pasaia-Lezo Lizeoaren 50. urteurreneko dokumentala, Badiako ikastola txiki kementsu haiek. Horren ondoren Lizeoak adierazi zuen Pasaiako beste barrutietan eta Lezon ere ikusi ahalko zela ikus-entzunezkoa. 50 urteen ospakizunak Mende erdia aurretik lelopean garatzen ari da ikastola. Datak jada iragarri dituzte. Honakoak dira:
- Lezon. Hilaren 12an (osteguna), 18:30ean, Gezala Auditoriumean.
- San Pedron. Hilaren 18an (asteazkena), 18:30ean, Udal Aretoan.
- Antxon. Hilaren 20ean (ostirala), 19:00etan, Kultur Etxean.
- Trintxerpen. Abenduaren 2an (asteazkena), 18:30ean alkateordetzan.
Pasaiako eta Lezoko udalek sustatu dute dokumentala, eta ekoizpena Ahotsak.eus egitasmoaren bitartez egin da. Frankismo garaian Lezon eta Pasaiako lau barrutietan euskarazko hezkuntza bermatzeko sortu ziren ikastolen historia du jasoa lanak. “Dokumentalak gure historia gertutik ezagutzeko eta harekin bat egiteko aukera eman dio Lizeoko komunitateari, baita lehen ikastola txiki haiek sortu zituzten andereñoen, gurasoen eta herritarren lana aitortzeko ere. Izan ere, debekuei, isunei eta errepresioari aurre eginez euskaraz ikasi eta hezteko konpromisoari eutsi zioten haien kemenak eta elkarlanaren indarrak jarri zituzten gaur egungo Pasaia-Lezo Lizeoaren oinarriak”, esan dute ikastolatik.
Eskerrak eman dizkie Lizeoak Lezoko eta Pasaiako udalei, eta dokumentalaren emanaldiak elkarlanean lantzen izan dituztenei, “Lizeoaren histria zein euskararen aldeko herri ekimena zabaltzeko egindako ekarpenagatik”.
