Herriko komertzioetan euskaraz kontsumitzeak saria izango du
Hilaren 16tik 20ra, merkataritzan, ostalaritzan eta zerbitzuetan euskaraz kontsumitzen dutenek boletoak izango dituzte; zozketa abenduaren 3an egingo dute.
Euskararen erabilera eguneroko erosketetan sustatzeko kanpaina abiatu du Lezoko Udalak. Hilaren 16tik 20ra, herriko merkataritzan, ostalaritzan eta bestelako zerbitzuetan euskaraz kontsumitzen dutenek saria edukiko dute. Bai euskarari ziurtagiria duten 35 komertziok boletoak banatuko dizkiete herritarrei, eta abenduaren 1era bitarte eskuratu daitezke. Zozketa euskararen egunean, abenduak 3, izango da.
Egitasmo honek euskara bultzatzea eta erabilera handitzea du helburu. Euskarari bai ziurtagiria duten komertzioak gonbidatuta daude egitasmoan parte hartzea, euskararekiko konpromisoa eta bezeroen hizkuntza eskubidea berresteko. Izena emateko Ttakun elkartearekin harremanetan jarri beharko dute: 688 68 00 53 telefonora deituz edota kanpozerbitzuak@ttakun.eus helbide elektronikora idatziz. Whatsapp eta Telegram bidez ere egiteko aukera izango dute.
Udalak euskararen komunitatea indartzeko dei egin die herritar zein establezimenduei. “Izan ere, euskaraz egiteko aukera baliatzea guztion esku dago”, nabarmendu dute.
Zozketako saridunak udalak 2027an antolatuko dituen kultur ekitaldi guztietarako bina sarrera edukiko ditu.
