Lehen sektoreko lana eta produktuak kalera atera dituzte
Gaur, Udazkeneko Azoka Berezia antolatu dute; tokiko ekoizpena herritarrengana hurbiltzeko produktuak saltzen aritu dira goizean.
Tokiko ekoizpena eta lehen sektoreko produktuen kontsumoa sustatzeko Udazkeneko Azoka Berezia antolatu dute gaur goizean Jose Erbiti kalean. 09:00etik 13:00ak bitartean, Larremotx baserria, Arraztalo elkartea, Lurraren Orena ustiategia, Arretxagar ustiategia, OnEin kontserbak, Ogiaren Maitaleak elkartea eta Zituene pasta ekologikoa izan dira produktuak saltzen. Gainera, astebeteko menua bi ordutan prestatzeko hitzaldia eta tailerra eskaini dute. Eguraldi grisa izan arren, jendea azokara eta tailerrera hurbildu da.
Barazkiak, frutak, ogia, pasta, irasagarra eta gazta ez dira falta izan. Bakoitzak bere produktuak saldu ditu, eta erosi baino lehen, produktu horiek dastatzeko aukera ere izan dute bertaratu direnek.
Zuzeneko sukaldaritza tailerrean jende ugari batu da, eta bertan izan dira erne apunteak hartzen aipatutako aholku horiek etxean aplikatzeko. Eguneroko elikadura modu errazean etxeko tresnekin prestatzeko gomendioak eman dituzte. Baita sukaldean igarotzen den denbora murrizteko zenbait aholku ere.
Erosketak egin dituztenek “sari erraldoia” irabazteko boletoak jaso dituzte. Saridunak bertako produktuez osatutako saskia eraman du etxera.
Jarraian, HITZAk azokan ateratako argazkiak:
