60 urteko historia kantuan partekatu du Oskarbik
'Kontu Kantari Pasaiako solasaldi musikatuak' egitasmoaren barruan, Oskarbi taldea Antxoko San Fermin elizan izan zen atzo.
Duela 60 urte lehen entseguak egin zituen herrira itzuli zen atzo Oskarbi taldea, sei hamarkadako historia musikaren eta oroitzapenen bidez partekatzeko. Antxoko San Fermin eliza bete egin zen Oskarbiren emanaldiaz gozatzeko. Atzoko kontzertu-omenaldian Pasaiako Udalak aitortza egin zion euskal kantagintzari eta Pasaiako kultur bizitzari estuki lotua egon den taldeari.
Atzoko saioa Kontu Kantari Pasaiako solasaldi musikatuak egitasmoaren barruan egin zen. Hamar taldekidek Oskarbiren sorreratik gaur egunera arteko bidaia eskaini zuten. Emanaldiak lau ardatz izan zituen: taldearen hastapenak, Bitoriano Gandiagaren ekarpena, Xirimiri eta Mendira naiz lanak, eta aurten argitaratutako Gipuzkoa Donemilia diskoa.
Kantuez gain, istorioek ere lekua izan zuten atzoko saioan. Bide horretan, Antxon emandako lehen pausoak, Ez Dok Amairurekin izandako lotura eta Luis Romero, Jorge Oteiza eta Gandiagarekin partekatutako istorioak gogoratu zituzten. Oi Pello Pello, Hitz urri batzuk eta Esperantzari leiho bat bezalako kantuek Oskarbiren ibilbideko hainbat garai ekarri zituzten gogora. Horiekin batera sorkuntza berriak ere interpretatu zituzten Antxon.
Solasaldiak belaunaldien arteko lotura agerian utzi zuela adierazi du udalak. Hasieratik taldean dagoen Joxelu Trekuk eta azken urteetan batu den Itziar Alonsok beren bizipenak partekatu zituzten, Oskarbiren jarraipenaz, taldera iristeaz eta elkarrekin sortzeak duen esanahiaz hitz eginez.
1966ko azaroan Antxon sortu zenetik, hamahiru disko argitaratu eta ia mila kantaldi egin ditu Oskarbik. 50 kide inguru pasa dira taldetik, eta hasierako hiruk bertan jarraitzen dute. Atzoko emanaldiak aitortza egin zion taldearen ibilbideari, baina baita taldearen gaur egungo bizitasunari ere, 60 urteren ondoren kantu berriak sortzen eta herri kantak belaunaldi berrietara eramaten jarraitzen baitu Oskarbik.
