50.000 euro bideratuko dituzte lehen sektoreko laguntzetara
Abenduaren 1a da laguntzak eskatzeko azken eguna. Aurten gehienez ere 3.000 euro jaso daitezke laguntzetatik, iaz baino 1.000 euro gehiago.
Arane ustiategiko Juan Luis Retegi Saizar, eta Ibon Mitxelena Fernandez eta Olaia Lasa Olaziregi udal ordezkariak. Oiartzungo Udalak lehen sektorea indartzera bideratutako laguntza programa jarri du berriz martxan, eta 50.000 euro banatuko ditu aurten ere herriko nekazari eta abeltzainen artean, urtean zehar izan dituzten gastuak ordaintzen laguntzeko.
Laguntza horrekin udalak tokiko ekoizleen jarduera ekonomikoa sendotzen eta sektoreak bizi duen “egoera zailari” arnasa ematen lagundu nahi du, bai eta sektorearen jarraipena eta iraunkortasuna bermatzen saiatu ere.
Azaldu dutenez, laguntzak ustiategiaren tamainaren eta aurkeztutako gastuen arabera banatuko dituzte, eta aurten 3.000 euro arteko laguntza jaso ahal izango da. Laguntza minimoa, berriz, 1.000 eurokoa da.
Gastuak eta inbertsioak finantzatzeko
Deialdi horren bidez, profesionalek urtean zehar sortutako gastuak eta egindako inbertsioak estaltzeko aukera izango dute; besteak beste: ustiategietan egindako inbertsioak eta hobekuntzak, makineria eta ekipamendu berria erostea, aholkularitza lanak, nekazaritza erabilerarako ura ordaintzeko gastuak…
Horretaz gain, aurten, lehenengoz, klima aldaketak eta muturreko eguraldiak sortutako egoeretara egokitzeko horiei aurre egiteko edota sor ditzaketen kalteak ekiditeko ondorengo inbertsioak eta gastuak justifikatu ahal izango dira: abereen bazka eta pentsuaren beharrei aurre egitekoak, ur hartuneei lotutakoak, estalki klimatikoei edota negutegietako egokitzapenei dagozkienak, zein larrialdi klimatikoak eragindako izurriteei aurre egiteko tratamenduei lotutakoak.
Eskaerak abenduaren 1era arte aurkez daitezke erregistro elektronikoaren bidez zein Herritarren Arreta Zerbitzuan. Deialdiaren gaineko xehetasunak hemen kontsulta daitezke.
